Bengoetxea eta Errandonea txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 18a, 03:00

Eneritz Bengoetxea donostiarrak eta Edurne Errandonea andoaindarrak irabazi dute Hernaniko Gazteen VIII Trikitixa Txapelketa. Jende dezente inguratu zitzaien atzo, txapelketan parte hartu zuten 6 bikoteei, eta harritzeko moduko maila eman zuten guztiek ere, antolatzaileek Kronikari azpimarratu ziotenez. Txapelketako bigarrenak Amaiur Luluaga anoetarra eta Aitor Arruti andoaindarra izan ziren; eta hirugarren Leire Lasa zizurkildarra eta Maddi Labaka lasartearra. Hernaniko bi bikoteak (Aitziber Errazkin eta Amaia Mujika; eta Irati Ugalde eta Mirari Pagola) oso puntu gutxira gelditu ziren lehen hiru sarituetatik, eta urtero bezala, trofeoa jaso zuten Hernaniko partehartzaile guztiei ematen zaiena. Kriskitiña taldeko kideek oso balorazio ona egin zuten txapelketa bukaeran, gehienbat, partehartzaileen maila onagatik eta baita ere, Hernaniko trikitixa indartzen ari omen delako. Datorren urterako erronka ere jarri dute: 6 bikotetik gehienak hernaniarrak izatea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!