Euria bai, baina sagardoz blai

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 18a, 03:00

Euriaren bildurrez, azken momentuan karpa jarri behar izan zuten antolatzaileek, baina jendea bildurrik gabe inguratu zen Plazara. 1.300 botila edan ziren eta 1.200 baso saldu.

´Nahikoa eutsi dio` zen atzoko Sagar eta Sagardo festaren antolatzaileen komentarioa. Izan ere, euri kutsua zuen atzo eguraldiak, eta festa hasi aurretik karpa jarri behar izan zuten Tolarea Kofradiako kideek. Egin ere egin zuen, gogotik, baina hasieran bakarrik. Jendeak ordea ez zuen euri bildurrik, eta urtero bezala inguratu zen Gudarien plazara.

Zifra politak

1.300 sagardo botila inguru edan ziren, eta 1.200 baso saldu. Zifra politak, urterokoak, eta denak gustora. Hernaniko 11 sagardotegik ekarri zuten sagardoa: Itxasburu, Goiko-Lastola, Otsua-enea, Elorrabi, Altzueta, Larre-Gain, Rufino, Alberro, Iparragirre, Olaizola eta Zelaia. Festa 12:00etan hasi zuten, sagarra biltzeko erakustaldiarekin. Geroxeago sagardoa nola egiten den erakutsi zuten: sagarra matxakan jo, tolarean zapaldu eta zizarra atera. Sagardoa gustora edan zuen jendeak, baina zizarra hura adina gustatu zitzaionik ere izan zen. Pintxoak eta sagarrarekin egindako produktuak (sagar pastelak, konparazio...) ere eskura izan zituen jendeak. Bazkari txikia eginda bueltatu ziren gehienak etxera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!