Natzak antolatuta bi hitzaldi entzun ahal izan ziren ostegunean, Biteriko areto nagusian, ´36/06 Frankismoa Hernanin` lemapean. Iñaki Egaña eta Arantxa Aristi izan ziren hizlariak eta 60 bat lagunek aditu zieten, detailerik galdu gabe. Egañak frankismoak Hernanin izan zuen eraginaz hitz egin zuen, fusilatutako hernaniarretaz, herbesteratuetaz, frankisten aurka borrokatu zuten 250 bolondresetaz eta abar. Azpimarratu zuen historialariek beren lana egiteko dituzten trabak, artxibo asko itxita egon direlako eta dokumentu asko erreak izan direlako.
Arantxa Aristi zarauztarrak, berriz, ETAren sorrera azaldu zuen, gerraosteako Euskal Herriaren azterketa egitearekin batera. Hortik abiatu eta frankismoak gaurko gizartean dituen eraginak aipatu zituen, orain dagoen gobernua haren oinordekoa dela baieztatuz. Azken hitzetan, egungo egoera politikoaz mintzatu zen, gazteek duten ardura azpimarratuz, eta kontzientzia politiko sendo bat hartzera animatuz.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!