Hernaniko udalak, Euskara Batzordearen bitartez, euskalduntzea sustatzeko kanpaina jarri du abian. Horren barruan, herritarrak animatu nahi ditu, Hernanin esistitzen diren baliabideak aprobetxatuz, euskera ikasi edo hobetzeko pausua eman dezaten. Hernanin hiru zentro ari dira euskalduntze lanetan: AEK, Udal Euskaltegia eta EPA-HHI, eta horrekin batera badago baita ere, Dobera, Udala, Udal Euskaltegia eta AEK-k sortutako Gure Artean Euskaraz ekimena, euskeraz hitz egitea bultzatzeko sortutakoa. Aipatutakoak Udalaren laguntza jasoko dute, zuzenki edo zeharka, euskalduntzea sustatzeko kanpainaren barruan. Euskaltegien kasuan, laguntzak herritarrei bideratzen zaizkie, AEKn eta Udal euskaltegian berdin. HHI-EPA, berriz, hezkuntza arloaren barruan dago kokatua eta laguntzak zentroak jasotzen ditu. Zentro horretan izena emateak ez du kosturik, dohain da. Gure artean euskaraz ekimena ere debalde da, eta, laguntzak emateaz gain, lehen aipatutako erakundearekin batera, sustatze lanak egiten ditu Udalak.
Aukera zabala
Herritarrek euskera ikasi edo hobetu nahi izanez gero, aukera zabala daukate herrian bertan. Bi euskalduntze zentro daude, eskaintza oparoa dutenak: Udal Euskaltegia eta AEK. Horietan maila guztiak landu daitezke, modu eta ordutegi ezberdinetan. HHI-EPAn, helduentzako hezkuntza ikaskuntza eskaintzaren barruan, euskera ikastea ere ageri da, eta hizkuntzara hurbiltzea eskaintzen da gehienbat. Gure artean euskaraz ekimena, berriz, euskeraren erabilera bultzatzeko sortutakoa da, eta mintza saioak egiten dituzte.
AEK euskaltegia
AEK euskaltegiak eskaintza zabala dauka aurtengo ikasturterako, maila guztietan. Ohiko eskaintzaren barruan, astean 8 eta 6 orduko ikastaroak ematen dituzte. 8 orduko ikastaroak astelehenetik ostegunera izaten dira, egunean 2 orduz. 6 orduko ikastaroak astelehenetik asteazkenera ematen dira. 2 orduko ikastaroak ere eskaintzen dituzte AEKn, eta bertan erabilera sustatzeko saioak, zalantzaguneak eta mintzaguneak sartzen dira. Ikastaro guztietan, maila eta ordutegi aukera zabala dago apuntatu nahi duenaren esku. Egunero klasera joan ezin duenak, autoikaskuntzaren bitartez landu ditzake bere ezagutzak, tutorearekin adostuta. Tutoreak goizeko 09:00etatik gaueko 21:00ak arte egon ohi dira Larramendi 11ko lokalean. Klase bereziak ere eskaintzen ditu AEK-k. Adibidez, Aisa izenekoak, etorkinei zuzenduriko klaseak. Auzo Elkarteekin ere aritzen dira lanean, eta kasu horretan, Auzo Elkarteetako lokaletara mugitzen dira irakasleak. Boga izeneko ikaskuntza internet bidez egiten da eta Idazkuntza On Line izenekoan, goi mailako idazkuntza irakasten da. Azken biak etxetik landu daitezke. Azkenik, hizkuntza erabiltzeko jarduerak eskaintzen dituzte. Azken urteetan, pintxo lehiaketa, eski irteera, edo Santa Ageda erronda egin dituzte, esaterako. AEKn izena eman nahi duenak 943 55 78 01 eta 943 55 78 79 telefonora deitzea besterik ez du, edo bai Larramendi 11, behea-ko lokaletik azaltzea. Epea irailaren 29ra arte irekita dago.
Udal Euskaltegia
Udal Euskaltegiak ere eskaintza zabala du, maila eta ordutegi ezberdinekin. Bertan, EGAra bidean maila guztiak lantzen dituzte, 1a, 1b, 2garren eta 3garren maila. Astean 8 eta 6 orduko klaseak ematen dituzte, tutoritzaz gain. 8 orduko klaseak astelehenetik ostegunera izaten dira, ondorengo ordutegiekin: 09:30-11:00/ 16:30-18:30/19:30-21:00. Astean 6 orduz ematen diren klaseak, astelehen, astearte eta ostegunetan izango dira, 14:30etatik 16:30etara. Izena emateko anbulatorio zaharreko eraikinera jo edo 943 33 18 96 telefonora deitzea nahikoa da.
HHI-EPA
Helduen Hezkuntza Iraunkorreko ikastetxeak ere euskera klaseak eskaintzen ditu, 18 urtez gorakoentzat, euskalduntze eta alfabetatze mailan. Euskerari sarrera eman ohi zaio HHIko klaseetan, ikaslea ez dute tituluak lortzeko prestatzen. Atzerritarrentzako klase bereziak ere antolatzen dituzte, baina eskaria nahikoa ez, eta orain arte ez da klaserik osatu. Ohiko klaseen ordutegia arratsaldez izaten da, ikasleen beharren arabera, baina goizez eta gauez ere ematen dituzte. Izena iraila bukaera arte eman daiteke, Antziola 62ko egoitzan edo 943 33 53 18 telefonora deituta.
‘Gure artean euskaraz’
Dobera Euskara Elkarteak, bi euskaltegiek eta Udaleko euskara zerbitzuak bultzatuta jaio zen Gure artean euskaraz ekimena. Izenak dioen bezala, euskeraz hitz egiteko ohitura hartu edo berreskuratzea bilatzen du eta bakoitzari ondo datorkion ordutegi, egun eta tokietan euskeraz mintzatzea aurreikusten da, binaka edo talde txikietan. Izena emateko epea urrian hasiko da, AEK eta Udal euskaltegietan edo Dobera euskara elkartean.