David Pelaz Hernaniko errugbi taldeko jokalariak Europako 20 urtez azpiko IV. errugbi txapelketan parte hartuko du irailaren 22tik aurrera urriaren 1era arte, Espainiako selekzioarekin. Txapelketa Sopoten (Polonia) jokatuko da eta bertan Europako selekzio onenak ariko dira, 6 nazioetan parte hartzen duten selekzioez gain: Ingalaterra, Frantzia, Eskozia, Irlanda, Italia eta Gales. Orbegozo hernaniarra ere hautatu zuten txapelketa horretarako, baina adduktoreetan daukan lesio bategatik, ez du bidaiatuko.
Iaz 3garren Valladoliden
Pelaz eta Orbegozo, lehendik aritutakoak dira Espainiko selekzioarekn. 18 eta 19 urtez azpikoetan jokatu dituzte txapelketak, Trevison (Italia), Hegoafrikan eta iaz, 20 urtez azpiko Europako txapelketan, Valladoliden. Bertan 3garren geratu ziren, Georgiak irabazi zuen txapelketan. Aurtengo helburua iazko postua hobetu, edo, gutxienean, berdintzea da. Ez dute lan erraza izango, hasierako ligaxkan talde zaila egokitu zaie eta. Errumania, Georgia eta Errusiarekin parekatu ditu zozketak. Hiru selekzio horiek, Espainiarekin batera, Valladoliden aurreneko lauen artean geratutakoak dira, eta aurtengo ediziorako ere faborito bezala agertzen dira. Georgiako selekzioa urte osoan kontzentratuta egoten omen da, eta horrek ematen duen abantaila zelaian agerian geratzen da. Horrez gain, ekialdeko herrialde horietako jokalariak oso indartsuak dira fisikoki, eta horrek ere abantaila ematen die. Poloniako txapelketarako, Jose Miguel Galdos hautatzaile euskalduna 36 gazterekin probak egiten aritu da, azkenean, 25 jokalarien behin betiko zerrenda egiteko. Hautatuen artean, Donostiako hiru jokalari ere badaude, eta Baionan jokatzen duten euskaldun batzuk ere bai. Aurtengo prestakuntza stageak Logroñon eta Portugalen egin dituzte, eta lagun arteko partidu batzuk jokatu dituzte. Hautatuen esanetan, entrenamendu gogorrak izaten dira hauek, ´dugun denbora urria ahal den gehien aprobetxatzeko`.
Giro eta zelai ederrak
Pelaz eta Orbegozok diotenez, Espainian ez dago errugbirako afizio haundirik, ´oso jende gutxi etortzen da partiduetara`, baina Italia eta Frantzian zelaiak bete egiten dira. Herrialde horietan sekulako grina omen daukate errugbiarekin eta hori gazte-txoen partiduetan ere ikusten omen da. ´Ume frantziar eta italiarren partidu bat ikusi genuen, eta harrigarria da daukaten maila`. Nazioarteko txapelketetan jokatzea oso gustoko dute, ´oso maila altuko partiduak izaten direlako` eta jende askoren aurrean jokatzen dutelako. Gainera, txapelketa horietako partiduak zelai garrantzitsu eta dotoreetan izaten dira. ´Trevison, Heineken Cup klub arteko txapelketan erabilitako zelai batean jokatu genuen`.