Josu Oiaga txapel bila Moredara, Bendimia Festako finalean

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 16a, 03:00

Zurdo de Baños- Arroyo IIren aurka neurtuko dituzte indarrak aurrelari hernaniarrak eta Fuertesek, bihar, 17:30ean.

JOSU Oiaga pelotari hernaniarrak eta Fuertes, bere bikoteak, Botivolea enpresak antolatutako Bendimia Festa torneoko finala jokatu dute bihar, 17:30ean, Moredan (Araba), Zurdo de Baños eta Arroyo IIren aurka. Finalera iristeko lau partidu jokatu dituzte, ligaxkako hiru eta final aurrekoa. Ligaxkan, biharko arerioen kontra galdu egin zuten lehen partidua, Labastidan, 22-19. Hurrengoan, Minguez-Nicolas garaitu zituzten, Villabuenan, 22-8 eta emaitza berarekin irabazi zieten ligaxkako beste bikoteari, Iriarte-Gabarri IIri, Elvillarren. Final aurrekoan, Zabala-Velascori irabazi zieten, 22-9.

Oiaga, jokoz fresko

Oiagaren esanetan, ez da lan erraza izan finalera iristea, baina, ahal bezala, aurrera egin dute. ´Aurtengo torneoan bikoteak nahiko orekatuta zeuden. Zurdo de Baños-Arroyo II, faboritoak ziren finalera ailegatzeko eta hor daude`. Josu gustora dago izandako emaitzekin eta ilusionatuta dagoela aitortu digu: `Udarako txapelketa bakarra delako eta beti ematen duelako poza txapel bat irabazteak`. Bere burua sasoiko ikusten du eta eskuek ez diote gerrarik eman, ´errespetatu naute eta jokoz, berriz, freskoago sentitu naiz txapelketa aurrera joan ahala`. Horren arrazoia uda honetan partidu gutxiago jokatua izan liteke. Torneorako egokitutako atzelariarekin ere pozik dago: ´Fuertes ondo ibili da eta horrek asko egiten du. Iaz ere biok finalean sartu ginen eta berak ezin izan zuen jokatu lan bidaia bategatik. Aurten jokatu ahalko du eta ea irabazten dugun`.

Finala, beste kontu bat

Gaur arte egindakoak, ordea, ez die tanturik gehituko bihar, eta izerditu egin beharko dute txapela irabazteko. Ligaxkan elkarren aurka jokatutako partidua galdu egin zuten, baina badaukate erremedioa bihar berdin gertatu ez dadin: ´Zurdo de Baños ezkertia da eta ni bere eskubiko eskua bilatzen saiatuko naiz. Partidua aurrean ateratzen saiatuko beharko dugu.` Partidua giro ederrean jokatuko da, bihar ardoaren festa ospatuko dute eta Moredan. Urtero, Bendimia Festako finalak ospakizun horrekin bat egiten du eta frontoia bete egiten omen da. Hortaz, tradizio haundiko bi kultura uztartuko ditu biharko partiduak: ardoa eta pelota. Hernaniarrak animoak ematera bertaratzeko ere ez da aitzakia txarra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!