Feliciana Macariok Guatemalako gerraren gordintasuna azaleratu zuen Biterin

Kronika - Erredakzioa 2006ko irailaren 28a

CONAVIGUA Guatemalako alargun taldeko ordezkari etorri da Hernanira eta atzo Udalak harrera egin zion.

Mugen Gainetik GKEak antolatuta, CONAVIGUAko (Coordinadora Nacional de Viudas de Guatemala) Feliciana Macario izan zen Biteri kultur etxean herenegun, bere herrialdeko egoeraren berri ematen. Hitzaldiaren sarrera Iñaki Orubek egin zuen, Mugen Gainetiken izenean, eta ondoren, Felicianak ordubeteko hitzaldia eman zuen, CONAVIGUA taldearen lanaren bideo bat ikusi aurretik. Macariok, lekua eta hitza emateagatik eskerrak eman ondoren, azken 45 urtetako Guatemalako egoeraren kontakizuna egin zuen. Nazio Batuek eta Guatemalako arzapezpikutzako giza eskubideen komisioak egindako ikerketetan, 200.000 hildako errekonozitzen dira, 1.000.000 desplazatu eta 45.000 desagerturekin batera. 1961ean hasi eta 1996an bukatutako gerran eragindako biktimak dira, gehienak Maya indigenak. ´Gobernuak bultzatutako Patrullas de Autodefensa Civil delakoak Maya zibilizazioko jendea erasotzen aritu dira` azpimarratu zuen. Maya zibilizazioa gehiengoa da Guatemalan, %70-80, baina gizartetik kanporatuta daude.

CONAVIGUAren lana
CONAVIGUA 1992an sortu zen, biktimen duintasunaren alde indarrak metatzeko. Macariok dio ezinbestekoa dela batuta egotea, errealitatea oso gordina baita: ´gure gizonak hil egin dituzte, eta gutako askok lau eta bost haur dauzkagu, eta lanik ez`. Erakundeak ´Labor de resarcimiento histórico` lantzen dihardu, desagertarazitako gorputzak berreskuratzeko asmotan, abokatu eta epaileekin batera. Maya zibilizazioak kosmobisioan sinisten du eta bizidunen eta hildakoen komunikazioa ahalbidetzen die honek beren sinismenaren arabera. Macariok esan zuen komunikazio horri esker gorputz bat bilatu dutela. Horrez gain, Reclutamiento Obligatorio delakoaren aurka ere ari dira lanean, ´1993an hori kentzeko lege bat egin zuten, 2004an aprobatu zuten eta oraindik ez da aplikatu. Altua den edozein haur reklutatzen dute` esan zuen.

´Bake akordioa ez dute errespetatu`
1996an bake akordioa sinatu zuten gerrilaren alderdiak eta gobernuak, baina Macariok dio Gobernuak ez duela errespetatu, ´aurten 1672 hildako egon dira, haurrak tartean`. ´Iraganeko hilketengatik ez da epaiketa bat bera ere izan eta Rigoberta Menchuk gobernu eta ejerzitoko 8 lagunen aurka Espainian jarritako salaketarekin ez du ezer lortu, nahiz eta Pedraz epailea bera hona etorri zen. Denak ezkutatuta daude`.

Udalaren harrera
Joxan Rekondo Alkateak Feliciana Macariori harrera egin zion atzo goizean, Mugen Gainetikeko Seve Zubiri eta Txema Mercado zinegotziarekin batera. Ordubeteko elkartzean, Macariok Guatemalako egoera azaldu zion eta CONAVIGUAk egindako lana biltzen duen liburu bat eman.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!