Mailaz igotzea amets, taldea osatzea helburu

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 16a, 03:00

GEro eta gehiago dira futbolean egiten duten neskak eta Hernaniko taldean ere nabaritzen da hori. Neska askok ematen dute izena eta gaztetatik, gainera. Beraz, harrobia indartuz doa. Aurten, Emaku-mezkoen Ligako taldea atera du berriro CD Hernanik eta dagoeneko jokatu dute txapelketako lehenengo jardunaldia. Joan den asteburuan Vasconia bisitatu eta 2-1 galdu zuten, Donostian.

Talde gazte eta ona

Kronikak Jon Zabaleta entrenatzaileengana jo du, talde horren berri jakitera. Haiek esan digute talde gaztea dutela, baina esperientzia ez zaiela falta. Ez alperrik, taldeko jokalari guztiak lehendik aritutakoak batira. Jon Zabaleta entrenatzaileak ere badauka esperientzia futbol munduan. Añorga klubean ibilitakoa da azken hiru urteetan, kadete mutilak eta neskak entrenatzen. Aurtengo denboraldirako Hernanira etorri da, talde berri horrekin lan egitera, eta Amaia Azkoaga dauka laguntzaile lanetan. Zabaletarekin, Añorgan ibilitako 9 jokalari etorri dira eta inguruko herrietako fitxaketa batzuk ere egin dituzte, hala nola, Luberriko bat, Amara Berriko bat eta Groseko-ko beste bat. Plantila zabala daukate, 19 lagunekoa, eta Jonek dioenez, egoki etorri zaion kopurua da, gehienez 20koa nahi baizuen. Zubipera azaldu diren guztiak taldean daudela nabarmendu du. Jokalari hernaniarrek taldearen ia erdia osatzen dute, eta taldean ibilbide luzeena egin dutenetako bi ere hernaniarrak dira, Itxaso Etxabe eta Nagore Lozano, alegia. Esperientzia, ilusioa, lanerako gogoa eta daukaten giro ona dira talde honen arma nagusiak eta, hobetu beharrekoen atalean, konpenetrazioa aipatu beharra dago, jokalariak ez baitute behar adina elkar ezagutzen. Zabaletaren ustetan, hala ere, hau ez da arazoa, jokalari onak direlako, eta pare bat hilabetetan taldea batzeko eta taktika lantzeko nahikoa beta izango dutelako. Taldeari buruz jarduterakoan, baikor azaltzen dira entrenatzaileak, eta taldearengan konfiantza osoa dutela nabaritzen da. Markos Trejoren taldeko kadete batzuk konbokatu behar izan zituzten lehen partidurako, taldekide batzuen oporrak eta gainerakoak zirela medio, baina Zabaletak talde bakoitzak bere lana egitearen hautua egin du, bien arteko loturarik galdu gabe.

Ligaren gorabeherak

Talde horretan, kadete adinetik gorako edozeinek jokatu dezake, ez dago jubenil mailarik. Hortaz, 16 urtez gorako jokalari guztiak batera senior bezala araututa daude. Seniorretan hiru kategoria daude, Superliga, nazionala eta territoriala. Hernaniko taldea territorial mailan dago, Emakumezkoen liga deiturikoan. Bertan 10 taldeko 4 multzo daude, hurbiltasunagatik osatutakoak. Hernanik, Groseko, Añorga, Vasconia, Intxaurdi, Amara Berri, Usurbil, Euskalduna, Urnieta eta Ostadarren aurka jokatu beharko du urtarrila-otsailera arte. Lehen fasea jokatu ondoren, lau aurrenekotan geratuz gero, igoera fasera pasako lirateke eta bestela kopa jokatuko lukete. Igoera fasea ekainera arte luzatuko da eta bertan, zortzi taldeko bi multzo eratuko dituzte, eta multzo bakoitzeko irabazleak elkarren aurka finala jokatuko du. Irabazleak nazional mailara igotzeko saria eskuratuko du. Jon Zabaletaren hitzetan, taldearen helburu printzipala taldea eratu, landu eta giro ona sortzea da, eta duten mailarengatik igoera fasean sartu beharko luketeela dio.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!