Udaletxeko pleno aretoa jendez lepo dago. Hitzaldi batek hainbeste jende erakartzea ez da oso ohikoa izaten, baina hala gertatu da gaurkoan. Eta betaurreko haundiak dituen gizon bat hasi da hizketan, Ramon Saizarbitoria izeneko gazte batek behar den aurkezpena egin ondoren. Gabriel Aresti da. Gabriel Aresti zen Hernanin, 1966. urtean. Poeta bilbotarrak Euskararen izen poetikoak gai hartuta hitzaldia eskaini zuen Hernanin. Euskara hutsean programatutako kultur aste baten baitan antolatu zuten hitzaldia. Juanito Olano zena izan zen ekimen horren sustatzaile nagusia, Donostiako Jarrai antzerki taldekoen laguntzarekin. Ramon Saizarbitoria, Iñaki Beobide eta Jose Ramon Irazustabarrena aritu ziren besteak beste, antolakuntza lanetan onginahi hutsez. Aste kultural oparoa izan zen: Arestik literaturaz hitz egin zuen bezala aritu ziren Iñaki Beobide euskal antzerkiaz edo Jose Mari Satrustegi bertsolaritzaz. Gainera, Arestik hitzaldi bat eskaintzeagatik dirua kobratu ahal izan zuen aurreneko aldietakoa izan zen 1966ko hura.
Euskararen izen poetikoak
Hitzaldiaren gaia, bistakoa denez, oso zabala izan zen, Arestik bere maisutasuna erakusteko modukoa. `Oso hitzaldi polita izan huan. Arestik esaten zuen guztia bizi egiten zian, oso sentsiblea huan` azaldu digu hitzaldi hartan izan zen hernaniar batek. Agustin Ibarrola artistak bizi zuen bazterketa hartu zuen hizpide lehenik eta ondoren barru-barrutik eskatu zion entzulegoari hitzaldia gustuko ez bazuten, ez zezatela zigortu. `Arren eta mesedez pentsatu behar duzue gizon ahul bat dagoela zuen aurrean, bere mihinari indar guztia kendu zaiona`. Gerra eta gerraosteaz hitz egin zuen -`Hala genbiltzan gu, haur flakoak lur zihorkatu hartan; ikatza lapurtzen genuen; garia eta ogia ostutzen genuen; tabakoa eta ardoa ebasten genuen`-, euskara ikasten hasi zen garaiaz, -`Lortu genuen kultura apurra ere haginka eta ukabilka hartu genuen`-, baina batez ere abertzaletasun tradizionalak euskararen alde ezer gutxi egitea kritikatu zuen: `Orduan etorriko zaizkizu gurasoak beso zabalik: (...) euskeraren salbazio hori alferrikako gauza da; hori ongi dago gure negozioak zilegiztatzeko aitzakia bezala, baina egin dezagun dirua, zabal ditzagun fabrikak, zabal ditzagun komertzioak!`. Euskararen eta gizartearen egoerak kezka bizia sortzen zion. Bere obra osoan bezala nabaritu zen hori 1966an Hernanin eskainitako hitzaldian. `Herri bat ikusten dut hiltamuan, bere azkeneko agonia lazgarrian` esan zuen pasarte batean, `guretzat etorkizunik ez dela iruditzen zait` beste batean. Ordurako, gainera, kritika gogorrak jasoa zen Aresti bera, eta etsitzea ere pasa zen bere burutik. `Hainbeste txistu bota didate aurpegira, hainbeste irain likits esan dute niregatik...` azaldu zien hernaniarrei. Anjel Zelaietak idatzitako biografian Juan San Martinek kontatzen duenez, urtebete beranduago, Euskal Harria liburua kaleratu ondoren, euskaraz idazteari uztea pentsatu zuen kritika gogor horien ondorioz. Etsipen ildo horretatik joan zen hitzaldiaren bukaera ere. Azken euskaldunaren heriotzea abestuz amaitu zuen: euskaraz hasi eta erdaraz bukatzen diren zortzi bertso, hizkuntzaren azken hatsarekin poetaren heriotza dakartenak. Hortik iritsi zen hain zuzen ere hitzaldiaren izenburuaren azalpena, euskararen izen poetikoena: `Euzkadi madre mia, /no puedo quererte,/ pues sólo me prometes/ sufrimiento y muerte./ Mas sufriendo y muriendo,/he de defenderte,/ a golpes de un martillo/ vigoroso y fuerte` dio bertso horietako pasarte batean. `Honeik baitira euskeraren izen poetikoak: sufrikario eta heriotzea, edo erderaz kantatu dudan bezala, sufrimiento y muerte` esanez eman zion amaiera Arestik.
Eztabaida bukaeran
Zelaietaren biografian azaltzen du nola 1968an (Hernanin hitz egin eta bi urtera), Bilbon eskainitako beste hitzaldi batean ikusle batzuk poetaren kontrako sabotaia egiten saiatu ziren. Hitz egiten hasi zenean `Fuera, fuera`-ka hartu zuten batzuk ordukoan. Hernaniko hitzaldian horrelakorik gertatu ez bazen ere, eztabaida gogor samar bat izan zen galdera-erantzunen tartean. Arestiri kritika politiko bat egin zion entzuleetako batek. Giroa dezente nahastu zen, baina magnetofoiak ezin izan zuen eztabaida osoa gorde. Askok ez zuten garai hartan Arestiren ezkerreko pentsamoldea ulertzen. Espainolistatzat jotzen zuten horregatik, eta Pleno aretoko eztabaidak ere bazuen zerikusirik gai horrekin.
Hitzaldia, Susaren eskutik
Susa argitaletxeak 1986. urtean kaleratu zuen Gabriel Arestiren hitzaldiak, artikuluak eta gutunak biltzen dituen liburua, poetaren literatur lan guztiak biltzen dituen bilduman. Liburu horretan dago osorik Arestik Hernanin erabili zuen testuaren kopia, Natxo de Felipe eta Begoña Prietok berreskuratua. Gainera, argitaletxearen web gunean (www.susa-literatura.com) Arestik Hernaniko hitzaldiaren barruan irakurri zituen poema batzuk ere entzun daitezke.