Kontsumitzaileen bulegoak gas zerbitzuari buruzko infomazioa eman du

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 16a, 03:00

Udalak Gas Hernani S.A. enpresa Naturgas Energia S.A. enpresari saldu dio, eta zalantzak argitu ditu.

KOntsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak zenbait argibide eman ditu Gas Hernani S.A. enpresa, Naturgas Energia S.A. enpresari saldu diotela-eta, dirudienez, herritar askok jo baitu argibideak eskatzera bulegora. Naturgas Energia enpresaren partetik deiak jaso dituzte herritar askok eta dei horietan azaltzen da Gas Hernani erosi dutela. Hori dela eta, aipatu enpresako bezero izatera pasatzen direla ere esaten diete eta Naturgasekin kontratu berri bat sinatzera deitzen dituzte, aurretik adostuta zituzten baldintza berberekin.

Energiaren liberalizazioa

KIUBetik jakitera eman dute energia merkatua (gasa eta elektrizitatea) liberalizatu dela, eta erabiltzaileak aukera duela enpresa bat edo beste kontratatzeko. Erabiltzaileak energiaren jatorria, eraginak eta energia horren komertzializazio baldintzak jakinda, erabaki lezake zein enpresa kontratatu. Gas Hernaniko erabiltzaile zirenak Naturgas Energiako erabiltzaile izatera pasa dira beraz, beste enpresa batekin kontratua sinatu ezean.

Naturgasek bulegoa

KIUBek jakitera eman du Naturgasen zerbitzua kontratatu nahi duenak Gas Hernani S.A.ko lehengo bulegora jo lezakeela, martxan jarraituko baitu 3 urtez behintzat. Informazio gehiago nahi duenak Ongitza Patronatuko Kontsumo zerbitzura jo Sandiusterrira, edo 943 55 78 54 telefonora deitu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!