HernaniRROK hainbeste atsegin dugun Sagar eta sagardoaren festaren edizio berri bat egingo da bihar goizean, Gudarien plazan. Ohi bezala, sagardoa eta pintxoak izango dira dastatzeko. 11:00etatik 13:30ak arte, 11 sagardotegietako zerbitzariek makina bat botila edukiko dituzte, egoki freskatuta, inguratutakoek dastatu ditzaten. Aurten egongo diren sagardo egileak hauek dira: Itxasburu, Goiko-Lastola, Otsua-Enea, Elorrabi, Altzueta, Larre-Gain, Rufino, Alberro, Iparragirre, Olaizola eta Zelaia, denak Hernanikoak. Zabaloenea eta Erroxalienea baserrietako sagarrak eta sagar produktuak ere izango dira ikusgai, 10:30etatik aurrera.
Sagardoa egiteko tresna zaharrak
Sagarra sagardo bihurtzeko erabilitako tresna zaharrak ere ikusi ahal izango dira. Barkaiztegi sagardotegitik ekarritako eskuzko tolare zahar bat eramango dute eta sagarra jotzeko matxaka bat. Txistulariak emango diote festari hasiera kalejira eginez, goizeko 09:00etan. 12:00etan sagarra biltzeko prozesua ezagutaraziko dute eta 12:30ean sagardoa egitekoa.