Udaletxe txiki moduko bat izatea, bere korporazioa eta autonomia izango lituzkeena, Hernaniri lotua, baina gai batzuk berak gestionatuko lituzkeena. Hori izan liteke, gutxi-gehiago Toki Entitate Txikia, eta atzoko Plenoak hasiera eman zion Ereñotzun sortzeko espedienteari. Legez, baldintza batzuk bete behar ditu auzo batek toki entitate txiki izendatu ahal izateko: biztanle kopuru zehatza, herri-erdigunera distantzia eta eremu zehatza, auzotarrek deszentralizazioarekin onurak izatea, edo konpetentziak ondo zehaztea, besteak beste. Horrez gain, baldintza subjetiboak ere betetzen ditu udal arduradunen hitzetan ´bizitza propioa izatea, funtzionamendu propioa, izaera propioa` eta abar.
Aldeko borondatea
Atzoko akordioak alderdi guztien aldeko borondatea erakusten du Joxan Rekondo alkatearen hitzetan (alderdi guztien aldeko botoarekin onartu zen), baina orain zehaztu beharko dira gainerako puntu guztiak. Plenoak hiru puntu onartu zituen: 1) Udalak deszentralizazio prozedimendua hastea. 2) Entitate berria arrazoitzeko azterketa enkargatzea. 3) Txostena informazio publikoan jartzea.
Gipuzkoan beste 2 proiektu
Gaur egun Gipuzkoan ez da Toki Entitate Txikirik, nahiz eta beste 2 proiektu ere martxan egon litezkeen, Igeldo edo Itziarkoa kasu. Berez, bi auzo horiek herri izatea eskatu dute, baina Donostia eta Debaren ezezkoaren aurrean litekeena da aukera honi heltzea.
Arkupeetako azokaren araudia egokitu
Atzoko plenoak beste zenbait gai ere onartu zituen, Arkupeetan goizero egiten den azokaren araudia egokitzea, adibidez. Indarrean zegoen araudia oso zaharra zen, eta dirudienez, gaur egunera egokitu gabe zegoenez, ez zuen inork betetzen. Egokitu egin dute, beraz, araudia eta oinarrizko eskaerak dira arkupeetan saltzen duten baserritarrak Hernanikoak ezezik beste herrietakoak ere izan litezkeela, eta saltzen dituzten produktuak beren baratzakoak beharko dutela, nagusiki.
Ave Mariako hirigintza hitzarmena
Ave Maria parkean, etxe batzuk egin ziren, 32 guztira. Bertako hitzarmenak 52 egitea aurreikusten du ordea, eta, basotxoa deritzaion gunean 12 etxe egitea ere biltzen du hitzarmenak. Udalak, ordea, etxe horiek Txantxillan egitea erabaki du, eta atzo onartu zuten 32 etxe horiek bertan egiteko hirigintza hitzarmena.
PSE-EE alderdiaren galderak
PSE-EE alderdiak bi galdera egin zituen atzoko Plenoan. 1) Garcia Goldaraz azpian udalak trenbidea bailatuko duen galdetzea izan zen eta eskatu zuen 40 bat metroan bi aldetatik ixtea, jendea pasatzen delako. Zerbitzu publikoetarako zinegotziak erantzun zion, hautsita dauden hesiak konponduko dituztela, baina hesi berriak jartzea RENFEri dagokiola eta ez duela ezer konpontzen 40 metro jartzeak, ´jendea haruntzagotik` pasako omen litzatekeelako. 2) Bigarren galdera lan alorrekoa izan zen. PSE-EEk informazioa eskatu zuen udalak egindako zenbait kontratazioren inguruan: INEMen bidez zenbat kontratatu diren, zein lanetarako eta zenbat denborarako, zein irizpide erabiltzen diren kontratatzeko, baloraziorik egiten al den... eta abar. Horrez gain, hirugarren adineko pertsonak zaintzeko Ongintza Patronatuak zenbat lagun behar dituen ere galdetu zuen PSE-EEk, eta eskatu zuen kurtso soziosanitarioak sortzeko ´jende askok lan bat izan dezan, pertsonal asko eskatzen duen alor bat baita`.
Arau Subsidiarioen dokumentua aho batez onartu du Plenoak
Atzoko plenoan onartutako azken puntua Arau Subsidiarioen ingurukoa izan zen. Alderdi guztien aldeko botoarekin onartu dira arau berriak eta orain Foru Aldundiak aztertu eta onartu beharko ditu, sei hilabeteko epean. Udal arduradunen hitzetan ´udaletxean ordezkaritza duten alderdi politikoen adostasunarekin eta herritarren eta elkarteen ekarpenarekin` adostu da dokumentu berria. Norma berriek 2.496 etxebizitza aurrikusten dituzte Hernanirako; horietatik 1.025 babes ofizialekoak, 205 tasatuak eta 1.266 libreak. Iñaki Arratibel Hirigintza Batzordeko Buruaren hitzetan, ´babes gradu bat edo beste duten etxeen %50arekin, udal gobernu taldearen helburua betetzen dugu`. Arauek, industri gune haundiagoa ere aurrikusten dute: 142,72 hektarea, eta horietatik 40,73 gune berrietan, Altzuetan eta Galarretan bereziki. Ondorioetako bat AMR enpresa lekuz mugitzea izango da ´eta Floridako bizilagunek desatsegina zitzaien jarduera bat desagertzen ikusiko dute, enpresa Hernanin mantenduta, Akarregin egingo baitute fabrika moderno berria`. Gune berdeek ´igoera haundia` izango dutela nabarmendu nahi izan dute udal arduradunek: ´Paradorea zegoen horretan, parkea haunditzen da, Villaseko parkea bezalaxe, 10.000 metro karratu gehiago emango dizkio Ur Parkeko 33.000 metro karratuei. Arratibelen hitzetan politikari, teknikari eta herritarren artean ´Hernanirentzat arau batzuk zehaztu ditugu, Hernanirako hazkuntza jasangarria eta atsegina` ahalbideratuko dutenak. Arauek etxebizitza beharra konpontzen lagunduko dutela dio Arratibelek eta azpimarratu du Hernani dela ´arauak aho batez onartu dituen Gipuzkoako korporazio bakarretakoa`.