Sagardoa eta trikitilariak gaur eguerdian Gudarien plazan

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 17a, 03:00

Sagar eta sagardoaren festak edizio berri bat izango du gaur goiz eta eguerdian zehar. Hernaniko 11 sagardotegietako sagardoa izango da dastatzeko, pintxoez lagunduta. Horrekin batera, VIII. Gazteen trikitixa txapelketa jokatuko dute.

Gaur goizetik eguerdira arte nahi adina sagardo edan ahal izango da Gudarien plazan, Sagar eta sagardoaren festa ospatuko da eta. Horrekin batera sagar eta sagar produktuen erakusketa izango da. Festa goizeko 09:00etan hasiko da, txistularien kalejirarekin. 10:30ean sagar eta sagardoaren produktuen erakusketa, Zabaloenea eta Erroxalienea etxeetakoen eskutik. 11:00etan ekingo diote sagardo ateratzeari Hernaniko 11 sagardogilek, alegia, Itxasburu, Goiko-Lastola, Otsua-Enea, Elorrabi, Altzueta, Larre-Gain, Rufino, Alberro, Iparragirre, Olaizola eta Zelaiak. Nola ez, pintxoak ere zerbitzatuko dituzte; hori dena eguerdiko 13:30ak arte. 12:00etatik aurrera sagarra biltzeko prozesua ezagutaraziko dute eta ordu erdi geroago, sagardogintzako erakustaldiari emango zaio hasiera. Tresna zaharrak izango dira ikusgai, horien artean, Barkaiztegiko eskuzko tolare zahar bat eta eskuzko matxaka bat.

 

Gazteen Trikitixa txapelketa ere bai

Gudarien plazan beste ekitaldi bat ere izango da gaur eguerdian. Kriskitiña dantza taldeak antolatuta, eta Hernaniko Kultura batzordea eta Musika eskolak lagunduta, gazteen VIII. trikitixa txapelketa jokatuko da eta bi bikote hernaniar ariko dira txapelen bila: Aitziber Errazkin-Amaia Mujika eta Irati Ugalde-Mirari Pagola. Gipuzkoako 6 bikoterekin lehiatu beharko dute horretarako. Trikitixa, porrusalda eta fandangoa edo arin-arina joko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!