Gaur inauguratuko dute Garagardo Azoka Atsegindegin, arratsaldeko 19:30etan, Maialen Lujanbio bertsolariaren eskutik eta igande iluntzera arte izango da garagardo desberdinak probatzeko aukera. Errugbi elkarteak antolatu du azoka, aurten hirugarren urtez, festa antolatzeaz gain, denboraldi berrirako dirua ateratzeko. Tilosetatik Atsegindegira pasako dute azoka aurten, estalpe berriak gauzak asko errazten baititu. Atsegindegin, eserita 700 bat lagunek bazkaldu eta afaltzeko tokia izango da. Bi urteetan jende asko bildu da azokara, eta aurten are eta gehiago biltzea espero dute errugbi taldeko arduradunek.
Jana eta edana
Hamaika garagardo mota izango dira aurten ere azokan, bakoitzak gehien gustatzen zaionetik edateko. Urteroko moduan jana ere izango da aukeran, garagardotegietako jan mota: txerri kodiloa eta saltxitxak urteroko moduan, eta aurten lehenengoz, gulak eta ensaladila. Garagardotegia gaur eta bihar arratsaldean irekiko dute eta afariak emango dituzte 18:30etatik aurrera. Larunbat eta igandean, berriz, bertan bazkaltzeko aukera ere izango da afariaz gain, 12:30etatik aurrera.