Kiroldegiko ikastaroetan aurten bada berritasun bat, pilates ikastaroa, alegia, eta izena emateko epea gaur bukatzen da.
Gorputzaren kontzientzia
June Gonzalez, ikastaroko irakasleak Kronikari jakinarazi dionez, pilates teknikari esker, gorputzaren kontzientzia hartu daiteke. Teknika hau duela 80 urte sortu zen eta arnasketaren bidez, gorputza kontrolatzea du helburu. Pilatesek sabel aldea hartzen du gorputzeko indar gune bezala eta ariketetan zonalde hori lantzen da gehien. Pilates teknika oso egokia da bizkar eta zerbikaletan arazoak izaten dituztenentzat eta malgutasuna, indarra eta oreka garatzeko ere aproposa da. Aerobic, spinning, eta antzekoak baina lasaiagoa da, eta erlajazio musikarekin lagundu ohi dira egin beharreko ariketak.
Izena emateko azken eguna
Ikastaroa urriaren 2an hasiko da eta ekainera arte iraungo du. Izena emateko, kiroldegian edo 943 55 21 85 telefonora deitu daiteke. Ordutegi eskaintza zabala jarri dute, baina, hala ere, jende gehiegi apuntatuko balitz, ostiralean zozketa bat egingo lukete, onartuak aukeratzeko.