natza Errotaren Ardatza Kultur Erakundeak, gaur faxistak Hernanin sartu zirenaren 70garren urteurrena dela eta, 36/06: Frankismoa Hernanin izeneko jardunaldi batzuk egingo ditu irailean zehar. Lehenengo ekitaldia bihar da eta Iñaki Egaña eta Arantxa Arrutik emandako hitzaldi bat izango da, Biterin, 20:00etan.
Frankismoa Hernanin
Natzak ohar bat ere zabaldu du, urte haietan Hernanin eta Euskal Herrian gertatu zenaren aipamen batzuekin eta horrela dio, besteak beste: ´1936ko udara odoltsuan ezkertiar eta abertzale guztiak eskuindar eta reketeen jomuga bihurtu ziren. Hernanin, garaiko agiri eta testigantzak diotenez, 200 lagun inguru fusilatu zituzten. Kopuru honi erbesteratu, hildako gudari eta errepresaliatuena gehitu behar zaie`. Oharrean, gerraren ondorioak jasaten ari garela diote, ´Euskal Herriak, 1936an bezala, bere etorkizunaren jabe izateko eskubiderik gabe jarraitzen du`. Horregatik, interesgarria iruditu zaie Natzakoei jardunaldi hauek egitea: ´Gerra haren tragedia nolakoa izan zen gogoratu behar dugulako. Memoriarik gabeko pertsonek izaerarik ez duten bezala, memoriarik gabeko herriek etorkizunik ez dutelako.`
Argazki erakusketa
Biharko hitzaldiak ez dira Natzak antolatu duen ekitaldi bakarra. Irailaren 28tik Urriaren 11ra argazki erakusketa bat izango da ikusgai bere egoitzan (Antziola 7) bideo emanaldiekin batera. Inaugurazio egunerako ekitaldi bat dago iragarrita eta bertan Mertxe Etxeberria eta Joseba Tapia izango dira. Alkate izandakoak hitzaldi bat emango du eta abeslariak Agur Intxorta maite diskoko kantu batzuk eskainiko ditu. Horren ondoren luntxa izango da hurbiltzen diren guztientzat.