‘Hernaniko Berdeguneak’ proiektu berria ikusgai dago Biterin, hilak 29ra arte

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 12a, 03:00

Proiektuak aldaketak aurreikusten ditu Pana parkean, Mendi Mendiyan-en, Arrigoainen eta Ave Marian. Herritarren parte hartzea eskatu dute.

Hernaniko Udalak eta Goroldi enpresak Hernaniko berdeguneak hobetzeko proiektu bat sustatu dute eta erakusgai dago irailaren 29ra arte Biteri kultur etxean. Proiektu horretan, Hernaniko parke historiko bat eta herriko beste hiru eremuren egokitzea aurreikusten da, erabilera publikorako. Proiektuaren egileen esanetan, herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute, eta horretarako orri batzuk eta kutxatila bat jarri dituzte, edonork bere iradokizunak botatzeko.

4 berdegune zabal

Proiektu horrekin MOEk (Munduko Osasun Erakundea) herritar bakoitzeko eskatutako berdegune portzentaira, 10-15 metro koadrora, iritsi nahi du Udalak, Goroldiren laguntzarekin. Gaur egun 9,4 metro koadro daude pertsonako. Proiektua gauzatuz gero, 18ra pasako ginateke. Lau eremu eragingo lituzke proiektuak: Pana parkea, Mendi Mendiyan, Ave Maria eta Arrigoain. Lehenengoa birmoldatu egin nahi dute, lorategiaren berezko izaera mantenduz, eta beste eremutan berrikuntzak egitea da helburua, gune berdeak sortzeko. Proiektu hau egiteko parke ingelesak hartu dituzte eredu moduan. Pana parkean, atseden guneak, zelaiak, altzariak eta abar jarri nahi dituzte, zuhaitzen tratamendu egokia egitearekin batera. Parkea gurutzatzen duten bideak berritu egin nahi dituzte, eta argitasuna eta segurtasun elementuak jartzea ere ikusten du proiektuak. Skate pista inguruko kobazulo txikiari protagonismoa ere eman nahi diote, hura argiztatuta. Obrak 148.365 euroko aurrekontua du eta 4 urtetan egiteko asmoa dute. Ave Mariako gunean, Sagardoaren Museoa eraiki nahi dute, liburutegia eta hotel txiki bat jarrita, bisitariak erakartzeko helburuarekin. Igaro mendeko lorategi honek osatzen duen birika ekologikoa ireki nahi dute, zuhaitzen aniztasuna mantenduta, eta bidegorria berdegunearen barrutik igarotzea aurreikusi dute. Berdegunea bisualki herrira zabaltzeko berrikuntzak ere egin nahi dituzte. Obra honek 560.660 euroko aurrekontua du eta 4-6 urtean bukatzea espero dute. Mendi Mendiyan-en egin nahi duten berrikuntza esanguratsuena aparkalekuari i-tzala emateko zuhaitzak landatzea da. Honekin batera berdegunea egokitu nahi dute, urte guztian zabalik mantentzeko asmoarekin. Obra honen aurrekontua 20.625 eurokoa da eta 2 urtetan egitea pentsatzen dute. Arrigoaingoa da proiektuko eraldaketa potoloena. Harrobia dagoen gunean mendia berreskuratu nahi dute. Horretarako, harrobiko zuloa bete nahi dute eta harria estaltzeko zuhaitz altuak landatuko dituzte. Horren ondoren, mahaiak, erretegiak, ibilbideak eta kirolgune bat jarriko lituzkete eremu berrian. Azken obra horrek kostu ekonomikorik ez izatea espero dute, Udaleko plan berezi batean sartuko litzateke eta. 6-8 urtetan egingo lukete.

Txakurren gorotzei gerra

Bestalde, Udaletik berdeguneetan pilatzen diren txakur gorotzen aurkako kanpaina jarriko dute abian, urrian. Goroldiko mantenu sailak berdegunetan aurkitutako gorotzen gainean banderatxoak jartzeari ekingo dio. Horrekin zakurren jabeen arreta lortu nahi dute, herriko lorategi eta parkeak garbiago egon daitezen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!