Berrogei urtean harakin. Erraz esaten da, baina lan asko eginda bihurtzen da egi. Joan den larunbatean jubilatu zen Joxe Mari Murua, eta auzoko bezeroek lan guzti hori eskertu nahi izan zioten eta bazkaria antolatu zuten atzo bertan, auzoko Aitan Etxe tabernan, Murua harategia baina urtebete lehenago irekitako tabernan. Joxe Mari Muruarekin batean, Maritxu Urdangarin emaztea ere omendu zuten eta baita Mirijam alaba ere; Maritxu orain 6 urte jubilatu zen, 34 urtean harategian aritu ondoren eta Mirijamek ere aitarekin batean utziko du harategia, 20 urtean bertan lanean aritu eta gero. Berak ezer ez zekitela antolatu zuten guztia eta bazkal ondoan txapela bat eman zioten Joxe Mariri eta loreak Maritxu eta Mirijami. Mirari Unanue eta Eli Bergaretxe gazteak izan ziren festa animatu zutenak, soinua jota.
Ia auzoak adina urte
Lizeaga auzoak 43 urte inguru ditu eta Murua harategiak 40 pasa baditu, ia auzoak adinaxe urte. Murua eta Urdangarin familiak utzi du harategia, baina irekita jarraituko du, nagusi berriekin, eta orain artean lanean aritu diren Ainhoa eta Mari langileek ere jarraituko dute.