Festa eguna izan zuten atzo Latsunbe-Marielutsen eta Zikuñagan eta eguraldia lagun, primerako giroa izan zen bietan. Latsunbe-Marielutsen lehen aldia da festak antolatzen dituztena eta arduradunak oso gustora zeuden Kronikari esan ziotenez, auzotarren parte hartzea haundia izan baita. Umeentzako jolasak izan zituzten ia egun guztian eta auzoko umeek gozatu ederra hartu zuten. Karobi elkartean bazkari herrikoia izan zuten, eta ume eta heldu, 82 lagun inguru elkartu ziren. Arratsaldean ere umeek jolas egiteko aukera izan zuten. Aurtengoa ikusita, hu-rrengo urtean ere errepikatuko dute festa, antolatzaileek Kronikari esan diotenez, horrelako jaiek auzoan giroa jartzeko asko balio baitute.
Zikuñagan ere giro ederra
Zikuñagan goizetik umeak izan ziren protagonista eta hainbat joko eta korrika saio egin zituzten buruhaundien aurretik. Eguerdirako eguzkiak indartsu jotzen zuen eta jendea zai zai zegoen, sagardo probaketarako ekarritako sa-gardoak noiz irekiko eta festa giroak eta eguzkiaren beroak jarritako egarria asetzeko. Aurretik tortila lehiaketa izaki, ordea, eta juraduak aurkeztutako 20 tortilak probatu artean denak geldi. Behin juraduak epaia eman zuenean, denek probatu zituzten 20 tortilak eta 11 sagardoak. Arratsaldean futbito finala jokatu zen eta pasatako berotik eta neketik errekuperatzeko poteoa eta afari herrikoia. Afalondorenean kontzertua eta gero... auskalo.