GERRA hasi bezain laster, Molak gidaturiko rekete nafarrek Gipuzkoaren gaineko erasoa hasi zuten. Horretarako hiru zutabe nagusitan banatu ziren: Bidasoa aldetik bata, Beasaindik Orian barrena bestea eta Aralar gurutzatuz Berastegira iritsi zena azkenekoa. Hernanira, gerraren lehenengo berriak Donostiatik etorri ziren, Loiolako kuartelean setiaturik zeuden militar errebeldeen kontrako borrokengatik; militar horien buruak kuarteletik hanka egin eta Goizuetako errepidean aurkitu zuen ihesbidea. Izan ere, Nafarroako mugan reketeen tropa asko zegoen, horregatik agintari errepublikarrek Goizuetara bideko zubiak lehertzea agindu zuten uztailean bertan. Herrian Gerra Batzordeak hartu zuen hasieratik ordena publiko eta defentsarako ardura. Santa Barbara gotortu egin zuten eta elizako kanpandorrean eta leku estrategikoetan zaintzak egiteko txandaka ibili ziren miliziar taldeak. Nazionalistek Agustinen komentuan jarri zuten koartel nagusia eta zenbait eraikin eta eskuin ideietako pertsona babestu zituzten ezkertiarren erasoetatik; atxiloketa eta liskar batzuk ere izan ziren tradizionalista horiekin.
Buruntzatik Santa Barbarara
rrebeldeek Andoain abuztuaren 17an hartu zuten eta Buruntzako bataila hasi zen orduan. Buruntza mendia oso leku estrategikoa zen, bertatik Donostia inguruko gotorlekuei aurre egiteko aukera baitzuten frankistek. Buruntzako borrokaldi gogorrarekin batera, Onddi-Adarran reketeen eraso bat izan zen abuztuaren 23an: goizean Urnieta ingurua eraso zuten eta arratsaldean Hernani, baina miliziarrek nafarrak geldiarazi zituzten. Horretaz gain, egun horietan Hernanik lehenengo bonbardaketak jasan zituen: hilaren 21ean hegazkin bat azaldu zen goizeko hamarrak aldera eta hainbat bonba bota zituen, horietako batek Izquierda Republicanaren egoitza alboan jo zuen eta beste bik Agustinen ondoan, nazionalisten kuarteletik gertu. Ondoren, arratsaldean, artilleriaren bonba bat erori zen Urbieta kalera eta ume bat zauritu zuen. Abuztuaren 24an frankisten aire-eraso berri bat izan zen Hernani inguruetan; horrelako erasoei Santa Barbarako miliziar asturiarrek erantzuten zieten, Loiolako kuarteletik ekarritako bateriekin. Buruntza abuztuaren 29an erori zen errebeldeen esku eta Urnieta eta Hernani arteko lurrak inoren menpe ez zirela geratu ziren hainbat egunez. Momentu horretan borrokaldiek eten bat izan zuten, frankistek indar guztiak Irun konkistatzeko bideratu baitzituzten.
Irailaren 6an hasi zen erasoa
Irun irailaren 5ean erori zen, kiskalita, eta Donostiarako bideak irekitzeko borrokaldia irailaren 6an hasi zuten Molaren gizonek. Andoaingo zutabearekin 700 falangista galiziarrek egin zuten bat eta gudaroste horrekin eraso zuten Urnieta. Erasoak baina, porrot egin zuen, Santa Barbarako baterien indarrari ezin eutsirik. Egun horretan miliziar talde batek borrokaldi latza izan zuen Mandazubi inguruko baserri batean eta errebeldeei 15 fusil inguru lapurtu zizkien. Miliziarrak ez ziren soilik Hernanikoak, Donostia, Irun edo Eibartik etorritakoak ere baiziren. Porrot horren ondorengo egunak lasaiagoak izan ziren soldaduentzat, baina alde bateko zein besteko artilleria gogotik aritu zen. Gainera, irailaren 9an hegazkin italiarrek bete-betean jo zuten Hernaniko kaxkoa eta dozena bat lagun zauritu eta hiru pertsona hil zituzten, guztiak hernaniarrak. Hegazkinen berri emateko elizako kanpaiak eta fabriketako sirenak erabili zituzten eta hormigoizko etxe berrienak erabili ziren babesleku gisan. Irailaren 11n hasi zen Hernani menperatzeko azkeneko borroka. Argindegin falangistek hainbat tanke erabili zituzten errepublikarrak erasotzeko eta Cónico mendian ere borrokaldi gogorrak izan ziren.
Azken egunetako nahasmena herrian
Frankistak Hernaniko ateetan zirela, nahasmena nagusi zen herrian. Hilaren 6an komandantziako sarjentu bat hil zuten ezezagun batzuek eta bi egun geroago epaitegiko idazkaria eta bere emaztea. Horretaz gain, frankistak herrian sartu ziren egunean bertan hainbat eraikini su eman zieten errepublikar ezkertiarrek, Juan Maria Larrea apaizaren etxeari, adibidez. Antza, San Joan eliza erretzen ere saiatu omen ziren, baina abertzale batzuek itzali zuten sua. Gauzak horrela, 1936ko irailaren 12an falangista eta reketeek Hernaniko kaleetan desfilatu zuten. Santa Barbarako miliziarrek aldiz, beste egun batez iraun zuten, aharik eta irailaren 13an mendia abandonatu zuten arte; Donostian dagoeneko ´piper-potoa` jarrita zegoen. Frankistek Errepublika plazari Plaza de España izena jarri zioten eta Ekainak 2 kaleari berriz Calle Navarra, herria ´liberatu` zuten nafar reketeen omenez. Hori gutxi balitz, Francisco Franco Hernaniko ohorezko alkate izan da duela gutxi arte. Gaur, 70 urte geroago, iraileko egun haietako bonben soinua belarri-zuloan sartua dute oraindik hernaniar askok.