1936, tiroak Hernaniko zeruan

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 10a, 03:00

Irailaren 13a zen, Santa Barbaran geratzen ziren azken miliziarrek alde egin zuten eta Hernani frankisten esku erori zen guztiz. 70 urte pasa dira dagoeneko, baina oinaze hura jasan zutenek ondo gogoan dute guztia. Datozen asteetan hainbat ekitaldi izango dira urteurren horren harira; hona Kronikaren ekarpena.

HERNANI 5.000 biztanleko herri koxkor, industrial eta dinamikoa zen. IIgarren Errepublikan ezkertiar eta nazionalisten arteko liskarrak izan ziren nagusi gure herrian eta liskar horiek 1936ko Aste Santuan iritsi ziren gorenera, Jose Aranburu nazionalistaren hilketarekin.

Uztailaren 18a
Berria ahotik aho ibili zen egun osoan: militarrak altxatu egin ziren Marokon, Errepublikako ´anarkiarekin` akabatzeko asmoz. Herritarren artean altxamenduaren susmoa aspalditik bazegoen ere, inork gutxik pentsatuko zuen horrek hiru urteko gerra odoltsu bat ekarriko zuenik. Hasieran ez zen ezer apartekorik gertatu Hernanin, Donostiako borrokaldi batzuen oihartzuna besterik ez zen iritsi. Baina laster izan zuten gerra frentea etxe parean. Nafarroako sarraskiei eta faxistei ihes egiteko biztanleen erdiak alde egin zuen eta azken lubakiak gaindituta, falangista galiziarrak plazan sartu zirenerako, herriak basamortua zirudien.

Errepresio basatia
Frankistak agintean jarri eta gero, gerrako erretagoardia bizitzea tokatu zitzaien hernaniarrei. Egoera ekonomiko tamalgarri batean iraun zuten gehienek, razionamenduak, konfiskazioak eta soldaduentzako diru bilketak tarteko. Horretaz gain, aparatu frankistak ekitaldi ´patriotikoak` egiten zituen aldiro eta askok derrigortuta parte hartu zuten horietan. Udal agintariek adostu zuten igandero txapela gorriarekin mezetara joatea, Franco zoriontzea, kale izenak aldatzea, eskoletan gurutzeak jartzea... Dena den, errepresio basatiena zigor fisikoak, umilazioak eta hilketak izan ziren. Hainbat emakumeri hilea moztu zioten eta errizino-olioa edanarazi, beste batzuek aldiz, keinu faxista egitera behartzen ziezkieten kalean.

Fusilamenduak eta omenaldiak
Iraila eta azaroa bitartean 200 pertsona inguru fusilatu zituzten Hernanin, horietatik hogei lagun hernaniarrak ziren. 70 urtez hernaniarren buruan eta bihotzean gorderik izan den gertakizuna da fusilamendu horiena. Urteurrena dela-eta, Udalak hildako pertsonen omenezko monumentua jarriko du hilerrian, besteak beste. Bestalde, Natzak hainbat ekitaldi antolatu ditu 36ko gerran eta horren ondoren pasatakoa gogoratzeko asmoz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!