Hirugarren Garagardo Azoka irailaren 14tik 17ra izango da, aurten Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 10a, 03:00

Errugbi elkarteak antolatzen du, denboraldirako dirua ateratzeko helburuarekin. Hamaika garagardo mota desberdin, kodiloa, ensaladila eta saltxitxak izango dira aukeran.

Lehenengo bi edizioen arrakastaren ondoren, hirugarren garagardo azoka antolatu du Errugbi Elkarteak, irailaren 14tik 17ra, datorren ostegunetik igandera. Orain arteko biak Tilosetan egin dira, baina aurtengoa Atsegindegin izango da, eta ondo atereaz gero, aurrerantzekoak ere bai, seguruenera. Atsegindegiko estalpea egokitzeko asmoa dute antolatzaileek, inguru guztian lona moduko bat jarrita, 2,5 metroko altuerara arte, haize gehiegi ibili ez dadin. Bazkaldu edo afaltzeko 700 lagunetik gora hartu ahal izango ditu leku berriak eta horrez gain, eseri gabe garagardoa hartu nahi duen jende gehiago ere sartu liteke inguru guztian.

Hamaika garagardo, kodiloa, saltxitxak eta aurten ensaladila
Iaz bezalaxe hamaika garagardo desberdin izango dira aukeran aurten ere garagardo azokan: besteak beste, Amstel, Paulaner, Guinness, Murphy’s, Paulaner Salvator eta Heineken. Iaz, 4.000 litro garagardo edan omen ziren eta aurten 5.000-6.000 artean edango direlakoan daude errugbi elkarteko kideak. Jateko berriz, txerri kodiloa eta saltxitxak izango dira iazko moduan eta aurten nobedadea, ensaladila eta litekeena gulak ere izatea.

Afari eta bazkariak
Inaugurazioa ostegunean izango da, arratsaldeko 19:30etan, Atsegindegin bertan; Maialen Lujanbio bertsolariaren eskutik eta trikitixak lagunduta egingo da irekiera ekitaldia. Ostegunean eta ostiralean afariak emango dituzte 00:30ak arte, gutxi gora behera. Larunbata eta Igandean, 12:30etan irekiko dute azoka eta bazkariak 15:30ak arte emango dituzte eta afariak 18:30etatik aurrera. Arratsaldean, edateko aukera izango da ordea, jatenik eman ez arren. 150 lagun lanean Hainbesteko azokak, jendea ere behar du lanean eta 150 lagun izango dira aurten ere gauza batean zein bestean lan egingo dutenak. Ia denak, errugbi taldearekin zerikusia dutenak dira: jokalariak, jokalari ohiak, bazkideak, gaztetxoen gurasoak eta abar. Horrez gain, iaz Hernaniko tabernariei barran turnoak egiteko laguntza eskatu zien errugbi taldeak eta tabernariek egin zuten lana azpimarratzen dute: ´lehen urtean baino askoz hobeto ibili ginen iaz, profesionalen eskua asko nabaritu baitzen. Espero dugu aurten ere laguntza hori jaso-tzea, guretzako garrantzitsua da eta`. Bestalde, bazkari eta afarietan ere sukaldari profesionalen laguntza izan zuten iaz eta aurten ere izango dute, errugbi elkarteko kideek Kronikari esan diotenez.

Hirugarren denbora azokan
Irailaren 16an lagunarteko par-tidua jokatuko dute Hernanik eta El Salvadorrek Landaren, eta Kronikari esandakoaren arabera, hirugarren denbora Atsegindegiko azokan bertan egitekoa dute bi taldeek, horretan ere ondo moldatzen baitira errugbilari gehienak.

Maialen Lujanbiok irekiko du azoka
Garagardo azoka Maialen Lujanbio Hernaniko bertsolariak irekiko du aurten, datorren ostegunean arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Errugbi elkarteko kideek Maialen Lujanbiok bertso munduan daraman ibilbidea azpimarratu nahi izan dute eta bera izango da azokako garagardo kainerotik lehen txotx ofiziala egingo duena. Hortik aurrera etorriko da gainerako guztien txanda. Errugbi elkarteak urtero pertsona edo talde bati eskatzen dio azoka ofizialki irekitzeko; iaz Miarritzeko errugbi taldeak ireki zuen eta orain bi urte Ixaak Salaberria Fagollagako sukaldariak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!