Iñaki De Juana preso donostiarra gose greban da, abuztuaren 7az gero, bere egoera salatzeko. Iñaki De Juanak bere kondena orain ia bi urte bete zuen, baina preso prebentibo egoeran daukate, Fiskaltzak beste 96 urteko kartzela zigorra eskatu baitu, GARA komunikabidean argitaratutako bi iritzi artikulu medio.
Kontzentrazioa gaur
Hernanin kontzentrazioa deitu du gaur Askatasunak, eguerdiko 13:30ean, Plaza Berrin, presoaren egoera salatzeko. Kontzentrazioarekin bat eginez prentsa oharra bidali zuen atzo Hernaniko Batasunak eta gaur Hernaniko Segi gazte taldea eta LAB sindikatua batu zaizkio.
´Prozesu honetan onartezinak dira horrelako jarrerak`
Segiren hitzetan, ´PSOEren gobernuak martxan jarri dituen neurri judizial eta penitentziarioek bizi osorako espetxe zigorra ezarri dute de facto, hainbat direlarik neurri krudel hauek pairatzen ari diren eta pairatuko dituzten euskal preso politikoak`. Segik prentsa oharrean dio ´Gatazka politikoa gainditzeko martxan jarri den prozesu honetan onartezinak direla horrelako jarrera errepresiboak`. Gazte taldeak uste du ´finean, bilatzen ari direna dela Ezker Abertzalearen jarduera baldintzatzea` eta horretarako preso politikoak erabiltzen ari direla.
´Preso politikoen eskubideak zapaltzen dituzte egunero`
Hernaniko LAB sindikatuak dio Euskal preso politikoen eskubideak bortxatzen dituztela egunero ´eta hau gutxi izango balitz orain hil arteko espetxe zigorra nahi diete ezarri. Aski da!` salatu du. LAB eta Segik dei egin dute kontzentraziora azaltzeko.