ARRANDEGIETAN euskeraren presentzia bultzatzeko Eska ezazu arraina euskaraz kanpaina antolatu dute Buruntzaldeko zenbait arraindegik eta Udaletako Euskara Batzordeek. Hernanin sei arrandegik hartu dute parte eta bakoitzean 50 euroko 3 bale zozketatu dituzte arraina erosteko, arraina oinarri hartuta errezetak aurkeztu dituzten bezeroen artean. Joan den astelehenean zozketatu zituzten baleak Udaletxean, arrandegietako arduradunak eta Txema Mercado euskera zinegotziaren artean.
Hemezortzi sarituak
Mari Fe arrandegian saritutako hiru lagunak: J. Carlos Fdez. Sanchez, Pili Arbiol eta Eva Domenech; Amaia arrandegian: Eneko Goikoetxea, Ibai eta Jon Pavon; Otaegi arrandegian: Naroa Peso de Lucas, Xabier Otaegi eta Xabier Peña; Itxaspe arrandegian: Milagros Balda, Daniel Pacheco eta Itziar Emezabal; Mari Carmen arrandegian: Itziar Gorosabel, Primi Gonzalez eta Ane Aristregi; eta Oiartzabal arrandegian: Mikel Rekondo, Mertxe Aizkibel eta Mirian Harto. Arrandegietan aurkeztutako
4 errezeta, adibide gisa
Legatza kurriarekin
Osagaiak: 4 zati legatz, 4 zainzuri, 3-4 tipulin, 3 baratzuri ale, baso bat arrain salda, baso bat zainzuri ur, koilaradatxo bat kurri, 2 koilaradatxo hirin, olioa, gatza, perrexil xehetua. Nola egin: Tipulin eta baratxuriak txikitu eta ontzi zabal batean oliotan gorritu. Gatza eman, hirina gehitu eta ondo nahastu. Kurria bota eta hau ere ondo nahastu. Ondoren, arrain salda eta zainzuri ura bota eta utzi egiten. Legatz zati bakoitzari gatza eman bi aldetatik eta saltsa dugun ontzira bota. Legatza egin hiru minutuz alde bakoitzetik. Plater haundi batean arrain zatiak ipini, saltsa inguruan dutelarik. Azkenik zainzuriak jarri eta perrexilarekin apaindu. Ondoren serbitu.
Hegaluzea tomate saltsan
Tomate saltsa egiteko tipulak eta piper berdea txikitu eta zartagian azukrea eta gatzarekin oliotan gorritu. Baratxuri aleak xerretan moztu eta zartagira bota. Tomateei gaineko zatia kendu eta zatitu ondoren, zartagian dugunari gehitu. Dena 30 minutuz egosi. Eginda dagoenean pasa-puretik pasa eta kazuela zabal batean epelean utzi. Bestalde, hegaluzea garbitu eta xerratan moztu, gatza bi aldetatik eman, arrautz irinetatik pasa eta oliotan frijitu. Frijitutako hegaluze xerrak tomatea dugun kazuelan ipini eta mahaira atera.
kokotxak saltsa berdean
Osagaiak: Kokotxak, baratxuria, olioa, gatza, perrejila. Nola egin: Kazuela bat hartzen duzu eta olioa eta baratxuria prejitzen dituzu. Prejituta daudenean baztertu epeldu arte. Epel daudenean kokotxak sartzen dituzu kazuelan, eta kazuela mugitu, saltsa ateratzeko. Berriz, sutan jartzen duzu kazuela mugitu bitartean. Bukatzeko, perrejila botatzen dezu eta jatera.
txipiroiak patatekin
Osagaiak: Txipiroi bat zatitan, 4 patata, tipula bat, ilar pote bat eta perrexil pixkat. Nola egin: Ontzi batean jarri olioa eta tipula txikitua. Biguntzen hasten denean tipula, bota txipiroiak eta perrexilaren erdia. Utzi tapatuta su polikian txipiroiak egosi arte. Behar izan ezkero ura erantsi. Patatak zuritu eta zatitu gisaduarentzako bezala eta bota ontzira txipiroiekin batera eta ilarrak ere bai. Tapatu urarekin eta eduki hogei bat minututan, gatza eta sobratutako perrexila bota azkeneko momentuan.