Etxeratek deitutako eskualdeko kontzentrazioa Tilosetan egin zen

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 9a, 03:00

PSE-EEren egoitza aurrean zegoen deitua, baina, Ertzaintzak galerazi egin zien bertan egitea. Iñaki De Juanaren egoera salatu zuten bertaratu zirenek.

etxerat elkarteak deituta, Iñaki De Juanaren egoera salatzeko kontzentrazioa izan zen atzo Hernanin. Etxeratek PSE-EEren egoitza aurrean deitu zuen kontzentrazioa, PSOEk daraman espetxe politika salatu baitzuten, baina Ertzaintzak galerazi egin zien Elkano kalean kontzentratzea eta Tilosetan egin zuten kon-tzentrazioa. Eskualde mailako kontzentrazioa zegoen deitua donostiar presoaren egoera salatzeko. ´Errealitate benetan gordina bizi dugu` Etxerat elkarteak azpimarratu du ´espetxe politikaren krudelkeria kotarik altuenera` iritsi dela: ´Azken hamar hilabeteetan 3 senide preso hil dizkigu politika horrek; gaixorik dauden senide presoak ez dituzte askatzen; espetxe zigorrak beteta dituztenak ehundik gora dira eta hauek ere bahiturik mantentzen dituzte eta hizkuntza, hezkuntza, komunikazio, aitatasun eta amatasun, defentsa juridiko... eskubide guztiak urratzen dituzte` salatu dute. Horrez gain, kartzelera bisitara zijoazela 13 istripu gertatu direla dio Etxeratek eta horren ondorioz 33 senide eta lagun izan direla kaltetuak.

Iñaki de Juanaren egoera
Etxeratek bereziki Iñaki De Juanaren egoera salatu zuen atzoko kontzentrazioan. Orain 6 urte kondenaren hiru laurdenak beteak zituela eta dagoneko osoa ere betea duela gogoratu du Etxeratek ´baina bahiturik mantentzen dute hainbat presorekin batera` salatu du. Egoera honen aurrean indar gehiago batu behar dela uste du Etxeratek eta horretan lan egiteko asmoa azaldu du. Guzti honek ´zer nolako agintari politiko eta instituzioak ditugun` erakusten du Etxeraten hitzetan eta presoen hurbilketaren inguruan, hitzak utzi eta ´konpromiso eraginkorrak` hartzeko eskatu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!