Askatasunaren bidea, Florentino Goikoetxea eta beste hernaniar batzuk nazismoaren aurkako borrokan bigarren mundu gerran liburua aurkeztu zuten ostegun arratsaldean Udal areto nagusian, Juan Carlos Jimenez de Aberásturi egileak eta Joxan Rekondo Alkateak. Aurkezpen ekitaldira jende asko hurbildu zen, mugalarien senitartekoak, Comete sareko lagunen taldeko kideak, udal ordezkariak eta herritarrak, gehienak.
Florentinoren hariari tiraka
Juan Carlos Jimenez de Aberasturik Comete sarearen inguruko bigarren liburua du hau. Ostegunean azaldu zuen, lehenengoa, Florentino Goikoetxearen hariari tiraka hasita idatzi zuela, nazien aurkako borrokan eta Comete sareari buruzko dokumentuetan garrantzi haundia duen pertsonaia baitzen hernaniarra. Lehen liburu haren ondoren, Florentino Goikoetxea eta bere ingurua aztertu du gehiago Jimenez de Aberasturik oraingo liburuan eta atzo azaldu zuenez, Hernani herriak garrantzi berezia izan zuen sare horretan guztian. Florentino Goikoetxearekin batean mugalari lanean ibiltzen ziren hernaniarren ingurukoak ere azaltzen dira liburuan: Tomas Anabitarte, Martin Errazkin eta Juan Manuel Larburu.
Belgikatik Euskal Herrira
Comete sarea Belgikan sortu zen, Ingalaterratik Alemania eta alemanen helburu estrategikoak bonbardeatzera joan eta derribatzen zituzten abiadoreak mugaz honuzkaldera pasatzeko. Alemanek derribatzen zituzten abiadore hauek, nazien eskuetan erori baino lehen gorde, eta Frantzian barrena ´Espainia neutralera` pasatzeko sarea sortu zuten. Horretarako azken pausoan, Euskal Herrian, Frantzia eta Espainia arteko mugan, jende kualifikatua behar zuten abiadore hauek pasatzeko, berriro Ingalaterrara joan ahal izan zitezen. Historialariak azaldu zuen ´pasabide klandestinoetan profesionalak` orduko kontrabandistak zirela eta horregatik jo zutela Florentino Goikoetxearengana, muga izkutuan pasatzen bazekielako. Horregatik eta ´konfidantzazkoak zirelako. Abiadoreak nazien eskutan ez zituztela utziko bazekitelako`. Mugalari hauek bizia arriskuan jartzen zutela azpimarratu zuen Jimenez de Aberasturik eta horren adibide da Juan Manuel Larbururen heriotza, harrapatu eta Alemaniako kontzentrazio-eremuetan hil baitzen.
Goikoetxeari buruzko testigantza
Liburuan bada atal bat, Florentino Goikoetxeari buruzko testigantzak biltzen dituena, batipat berak pasa zituen abiadoreenak. Liburuaren egilearen hitzetan, hernaniarrari buruzko hitz oso onak egiten dituzte eta guztiek nabarmentzen dute inoiz ez zituztela defraudatu. Atal honetan umore haundiz kontatutako pasarteak ere badira, umorez gogoratzen dituzten momentu latzak.
´Askatasun bide bat zen`
Joxan Rekondo alkateak aurkezpen ekitaldian azaldu zuen mugalariek askatasun bide bat sortu zutela, abiadore aliatuak beren etxeetatara bueltatzen utzi eta batzuk frentera bueltatu zitezen. ´Comete bidea ez zen ihesbidea, askatasunaren alde jarduteko bidea zen` azpimarratu zuen. Iazko omenaldiaren eta liburuaren inguruan alkateak azaldu zuen ´guk Hernaniko herriak mugalariekin duen zorra kitatu nahi izan dugu, egoera txar haietan demokrazia eta askatasunaren hautua egin zutelako, naziek Europa hankaz gora bota zezaketen egoera hartan`. Horrez gain, Juan Carlos Jiménez de Aberasturiren lana nabarmendu zuen, ´Euskal historialarien artean gaian adituena`.
Esker oneko hitzak
Hitzaldi bukaeran, Comete sarean ibilitako kide batek, Dédée de Jongh Comete sareko sortzaile belgikarrak, Hernaniko ekitaldirako idatzitako testua irakurri zuen frantsesez eta Comete sarean aritutako Manuel Iturriozen semeak euskeratu zuen. Horrez gain, Britainia Haundiak Bilbon duen kontsula ere etorri zen ekitaldira eta esker oneko hitzak izan zituen ´Britania Haundiak zor bat` duela esan eta orduan sortutako harremanak irautea espero duela azpimarratu zuen.