ilusioa, hori da Zubipen gehien entzuten den hitza hastear dagoen denboraldiaz galdetuta. Ilusio gabe ezin ezer egin eta klubean hori behintzat soberan daukate, beren arma nagusi bezala erabili nahi dute aurtengo ligan gauza garrantzitsuak egiteko, baina, hori bai, partiduz partidu. Hori dio Jon Loranek, helburuez galdetzerakoan, partiduz partidu joan behar dela, bururik galdu gabe. ´Horretarako, ezinbestekoa da, liga hasiera txukun bat egitea, eta azken bi hilabetetan goiko postuetako borrokan bagaude, orduan ikusiko dute zer egin daitekeen`.
Taldean aldaketak
Gorengo taldeak lau baja garrantzitsu izan ditu, baina azkar mugitu dira hernaniarrak eta galera horiek ez nabaritzeko moduko jokalariak ekarri dituzte. Bajen artean, Eneko Goiarena da nabarmenena, ´atzean segurtasun haundia ematen zigun eta indar haundikoa zen, bai zelaian eta bai aldagelan. Erdian, Javi Gomez Touringera joan zaigu eta aurrean, Iñigo Vila eta Jon Erkizia, Trintxerpera eta UPVra joan dira, hurrenez hurren. Horiek dira baja garrantzitsuenak, titularrak zirelako`. Hauez gain, badaude beste batzuk lanagatik, edo nahikoa minutu izan ez dutelako, futbola utzi edo beste talde batzuetara joan direnak. Hala ere, Loranek azpimarratu nahi izan du, iazko blokea mantendu dutela, eta hori abantaila bat dela, jokalariek elkar ezagutzen dutelako. Bloke horri aurten egindako fitxaketak gehitu behar zaizkio. ´Igor Zapiain Skritx berriro etorri da, Beasainen 5-6 urte egon eta gero. Jokalari ona da, lan asko egiten du eta aukera zabalak emango dizkigu zelai erdian. Atzealderako, Beasaingo beste mutil bat ekarri dugu, Arregi, mutil zintzoa da eta ondo etorriko zaigu Goiaren hutsunea betetzeko. Antiguoko-ko bi jokalari ere ekarri ditugu, Ander Lertxundi eta Beñat Lorenzo, atzealdea indartzeko asmoarekin.Aurrealderako, Iker Torre, orain min hartuta dagoena, ekarri dugu, aurrelari garaia eta teknikoki ondo moldatzen dena. Hodei Perez gaztea ere aurrerako fitxatu dugu, Ostadarretik. Jokalari ona da, eta kontinuitatea hartuz gero, maila ona eman dezakeela uste dugu. Julen Garmendia loiolarra ere, hegalean edo aurrean jokatzeko etorri da. Jubeniletik ere bizpahiru gazte igo ditugu, taldean sartzeko amorratzen daudenak, eta lehia ziurtatuta dago`.
Talde polita osatu dute
Honenbestez, taldea osatuta geratu da, azken orduan eman daitezkeen aldaketa edo lesioak salbu. Talde polita daukatela uste du Loranek, ´atzean eta erdialdean oso, oso, oso polita`. Aurrealdean dituzte zalantza gehien: ´Torre ondo jartzeko zain gaude, aurrealdean erreferentzi garbi bat izateko`. Edozein ezbeharren aurrean ere, plantila zabala dute, ´orain 23 fitxa dauzkagu, eta oraindik beste bi sartu ditzakegu`. Plantila gaztea, baina esperientziaduna da aurtengoa, ´jokalari gehienak 3-4 urte daramazkite senior kategorietan jokatzen eta zailduta daude, erritmoa hartuta. Gainera, aldagelan sekulako giroa antzematen da, eta hori oso garrantzitsua da. Klub honetan hori lortu nahi dugu beti, filosofia antzeko bat da, eta lortzen ari gara. Plantilaren %60a baino gehiago Hernanikoa da, eta CD Hernanitik ateratako jokalarien portzentaia altuagoa da oraindik. Harro gaude horretaz eta nahi genuke herrian ere behar bezala baloratzea. David Muñoz entrenatzaileari buruz iritzia ere eskatu diogu, eta Loranek agerian utzi du gustokoa duela: ´Hau da bere 3garren urtea eta oso pozik gaude berarekin. Oso langilea da, futbolarentzat bizi da eta ikusten dugu jokalariak berarekin dituela. Gure konfiantza osoa du.`
Liga gogorra
Bigarren urtea dute jada Gorengo mailan, eta asko ikasi omen dute. ´Iaz oso hasiera kaxkarra egin genuen, baina liga ondo bukatu genuen, oso zaila zen gu garaitzea. Aurten hasiera ona eduki nahi dugu eta gero jarriko ditugu helburuak, pixkanaka`. 3. Mailara igotzea, ordea, ez da lan samurra izango, ´aurten 18 taldekoa da liga, eta aurrena besterik ez da igoko, ziur aski. Ondo jokatzeaz gain, oso erregularrak izan behar dugu`. Kategoria honetako oilarren artean, Aloña Mendi, Aretxabaleta eta Zarautz gogoratzen ditu Loranek eta arrauneko esapide bat hartzen du: ´Horien txanpa hartuz gero, ondo ibiliko gara`.