Josu Oiaga hernaniarra eta Fuertes indartsu dabiltza Bendimia Festa torneoan eta gaur finalerako plaza baten bila arituko dira. Lantziegoko frontoian izango da partidua, 17:30ean, eta Zabala-Velasco izango dituzte aurkari. Finalaurrekora iristeko ligaxka jokatu dute, eta bigarren postuan sailkatu dira finalaurrekora, bi partidu irabazi eta bat galduta. Gaurkoa irabaziz gero, Moredan izango dute finala, irailaren 17an.
Esnal, Berantevillan
Iñaki Esnal Botibolea enpresako beste pelotari hernaniarrak ere partidua du gaur, Urionaguena lagun duela. Berantevilla herrian jokatuko dute arratsaldeko 13:30ean Iriarte-Aldazabal IVen kontra.
Mendizabalek udara borobila
Hernaniko beste pelotari profesionalak, Oier Mendizabalek udara borobila darama. Asegarcek emandako datuen arabera, jokatu dituen azken 24 partiduetatik 21 irabazi ditu, horietatik 11 segidan, eta frontoian gustora dabil. Mendizabalek aukera ona dauka garaipenak pilatzen jarraitzeko, gaur eta bihar. Gaur, Bermeon, 18:30ean, Berasaluze VIIIrekin Koka-Apraizen aurka eta bihar, San Vicente de la Sonsierran, 18:00etan, Bengoetxea VIrekin Olaizola I-Otxandorenaren aurka.