Gaur astebete ireki zuten ur parke berria eta jendea ur egarriz egongo zen nonbait, lehenengo egun hauetan jendetza ibili baita. Kirol Patronatuak emandako datuen arabera lehen sei egunetan 11.688 lagun ibili dira ur parkean: irekiera egunean, 1.182 lagun ibili ziren; igandean, 2.143 lagun; astelehenean, 2.178 lagun; asteartean 2.688; asteazkenean 2.263 lagun; eta ostegunean 812. Guzti hauetatik Hernaniko kiroldegiko bazkideak 7.858 izan dira, eta gainerako 3.750ak, bazkide ez direnak, Hernanikoak nahiz kanpokoak. 3.750 lagun hauetatik irail guztirako abonoa 124ek egin dute eta gainerakoak sarrera ordainduta sartu dira (bazkideek debalde dute sarrera). Ur parkea 2.000-2.500 lagun hartzeko dago prestatua udal arduradunen hitzetan, eta lehen egun hauetan dezente betea egon dela esan liteke.
´Arrakasta haundia izan da`
Joxan Rekondo Alkateak bere iritzia eman du ur parkeak izan duen erantzunaren inguruan, eta bere hitzetan ´arrakasta haundia izan da` eraikin berriarena. ´Hernaniarren erantzunak erakusten digu ahaleginak merezi izan duela, eta Mendi-Mendiyan ur eta jolas parkeak errentagarritasun sozial izugarria izango duela` azpimarratu du. Hasierako datu hauei buruz Rekondok dio ´gutxienera jota` datorren denboraldirako 100.000 bisitari espero litezkeela, maiatza erditik urrira artean.
BHri erantzuna
Joxan Rekondo alkateak Bildu Hernani plataformaren kritikei erantzun die. Bere hitzetan ´Bildu Hernani hasieratik egon da instalazioen aurka, baina erantzuna Mendi Mendiyaneko parkea erabili duten milaka lagunek ematen diete`. Azpimarratu du parke honen errentagarritasun soziala ez dela konparagarria Udalak kirol eraikinetan egin duen beste inongo inbertsiorekin, eta Udalak egin duen bakarra ´tendentzia bati aurrea hartzea` izan dela, ´kirola eta aisialdia uztartzen dituen instalazioak egiteko tendentziari. Datozen urteetan asko ugarituko dira horrelako instalazioak Gipuzkoan`. Kostu igoera Hasierako aurrekontutik gastuak igo egin dira ur parkean eta igoera horren zergatiak azaldu ditu udalak prentsa oharrean. Batetik parkea 6.000 metro karratutik 33.000 metro karratutara igo dela azpimarratu dute; bestetik, filtrazio sistema berri bat jarri dutela ´eta horrekin asko aurreztuko da mantenimendu eta esplotazioan`, eta azkenik Iberdrolak transformazio zentro berri bat egin arazi duela, parkeari zerbitzua emateko.