Sagarra eta Sagardoaren festa, irailaren 17an Gudarien plazan

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 8a, 03:00

Hernaniko sagardotegietako sagardoa eta pintxoak izango dira aukeran. Sagarra biltzeko prozesua eta sagardogintzan erabilitako tresna zaharrak izango dira ikusgai.

Tolare Hernaniko Sagardoaren Kofradiak, Hernaniko Udalaren laguntzarekin, Sagarra eta Sagardoaren Festa antolatu du irailaren 17rako, Hernanin, Gudarien plazan. Festa horretan sagarra eta sagardoaren inguruko hainbat ekintza izaten dira, Hernaniko sagardogile guztien laguntzarekin. Aurten, sagarra biltzeko prozesua ezagutaraziko dute eta sagardogintzan erabilitako tresna zaharrak ere izango dira ikusgai. Horren barruan, sagardoa egiteko erabiltzen den tolarea edukiko dute funtzionamenduan. Horrez gain, ohiko sagardo dastaketa ere izango da, 11 etxetako sagardoarekin eta pintxoekin lagunduta. Festa goizeko 9:00etan hasiko dute, txistularien kalejirarekin. Ondoren, 10:30ean, sagar eta sagar produktuen erakusketa egingo da. 11:00etan, hasiko da sagardo dastaketa eta bertan 11 sagardogile izango dira: Itxasburu, Goiko-Lastola, Otsua-Enea, Elorrabi, Altzueta, Larre-Gain, Rufino, Alberro, Iparragirre, Olaizola eta Zelaia. Sagardoarekin batera, pintxoak ere jarriko dituzte, 13:30ak arte.

Sagardoa egiteko prozesua

Eguerdiko 12:00etan sagarra biltzeko prozesua ezagutaraziko dute eta 12:30ean sagardogintzaren erakustaldia ere izango da. Horren barruan, sagardoa egiteko erabiltzen ziren tresna zaharrak ikusi ahalko dira. Esate baterako, sagarrari muztioa ateratzeko erabiltzen den tolare bat jarriko dute fun-tzionamenduan. Aurreko urteetan, herritar asko azaldu izan dira, sagardoa edanda, igande goiza Plazan jai giroan igarotzera. Horrelako ekitaldiak aukera paregabea dira Hernanin tradizio haundia duen sagardogintza ohituraren nondik norakoak ezagutzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!