Lehenengo Auzoko Eguna larunbatean Latsunbe Berri eta Marielutsen

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 7a, 03:00

Iturritxo auzo elkarteak eta Karobi elkarteak antolatu dute, elkarlanean. Haurrentzako ekintzak izango dira gehienbat eta herri bazkaria ere izango da.

Latsunbe Berri eta Marielutseko bizilagunek, auzoari giroa eman nahian, Auzoko Eguna antolatu dute larunbaterako, irailaren 9rako. Iturritxo auzo elkarteak eta Karobi elkarteak, elkarlanean, hartu dute jaia antolatzeko ardura. Aurtengoa lehenengo edizioa denez, antolatzaileek ez dakite ze erantzun jasoko duten bizilagun aldetik, eta jendearen parte hartzea eskatu dute. Auzotarrek erantzungo balute, Auzoko Eguna antolatzen jarraitzeko asmoa dute datozen urteetan.

Lehenengo aldia
Larunbatean, goizetik hasita, hainbat ekintza daude antolatuta. 10:00etan, betiko haur jolasak daude iragarrita, frontoian: Zaku lasterketa, lokotxak, zinta lasterketa, piñata eta abar izango dira haurrak beren trebetasuna erakutsi dezaten. Ondoren, 12:00etan, buruhaundiak jendearen atzetik ibiliko dira, ipurdiak berotzeko asmoz, trikitilariek lagunduta.
Eguerdiko 14:00etan, bazkari herrikoia egingo dute Karobi elkartean. Bazkarirako txartelak auzoko Inaxi, Gailur eta Latxunbe gozotegietan hartu daitezke, 10 eurotan gazteentzat eta 15etan helduentzat. Karobi elkarteak ateak zabalik izango ditu egun osoan zehar, eta giroa sortzeko, musika, pintxo batzuk eta beste jarduera batzuk jartzeko asmoa ere badute.
Arratsaldean, haur jolasak izango dira berriro, baina oraingoan, txapak, kanikak, brile, maskara tailerra eta antzekoak izango dira. Jolasak txokolatada batekin bukatuko dituzte. Musika Eskolako txarangak emango dio bukaera egunari, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara, auzoan zehar ibilita.

Egitaraua

  • 10:00: Betiko haur jokoak
  • 12:00: Trikitilari eta buruhaundiak
  • 14:00: Bazkari herrikoia Karobin
  • 16:00: Haur jokoak
  • 17:00: Musika eskolako txaranga auzoan zehar
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!