Afonia punk taldeak ‘Gure Belaunaldia’ disko berria kaleratu berri du

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 6a, 03:00

Puzkarra Records-ekin kaleratu dute beren hirugarren lana. 19 abesti ditu, Hernanin eta Ondarrun grabatutakoak.

Afonia punk taldeak hirugarren lana kaleratu du, Puzkarra Recordsen laguntzarekin. Diskoak 19 abesti ditu eta Gure Belaunaldia izenburua jarri diote. Taldeak 2004ean atera zuen maketak eta aurtengo udaberriko 4 abestiko singleak osatzen dute beren diskografia. Disko horretako abestiak Hernaniko lokalean, Aitor Lopez teknikariaren begiradapean, eta Ondarrun, IJM estudioetan, grabatutakoak dira. Hernanikoek oraingo abeslariaren ahotsa daramate, Dani Usandizaga Potrorena eta Ondarrukoak, berriz, Jon Ijurko abeslari zaharrarena. Diskoaren diseinua Eneko Etxeandia donostiarraren eskuetan utzi dute eta emaitza paregabea lortu dute.

Lau urteko ibilbidea

Hernaniko laukoteak 4 urte daramazki kontzertuak ematen, eta, denbora horretan, aldaketa batzuk izan ditu formazioan. Disko honek taldearen lehen garaiko abestiak eta berriak biltzen ditu, Hernani es una mierda ospetsua ere tartean duela. Dena, beraiek lantzen duten punk azkar eta bitxi horren barruan.

Makina bat kontzertu

Diskoa aurkezteko makina bat kontzertu lotu dituzte hernaniarrek irailean eta urrian. Ostiralean, hilaren 8an, Baionako Xilko ostatuan izango dira, 16ean Beasainen, 23an Hernanin eta 29an Oñatin. Urriaren 14ean Basaurin joko dute, 20ean Arrasaten eta 27an Andoainen. Diskoa eskuragai dago Hernaniko Goiz Argi, Anboto, La Bodega eta Uru tabernetan, 6 eurotara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!