Atletismo taldeak hasi ditu denboraldi berrirako entrenamenduak

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 5a, 03:00

4garren denboraldia dute jada eta 30 bat gazte daude taldean. Haurrak animatu nahi dituzte kirol polit hau probatzera.

Hernaniko atletismo sailak atzo hasi zituen entrenamenduak Sagastialdeko pistan. Lehenengo bi asteak probakoak izatea aurreikusi dute eta irailaren 18tik aurrera entrenamendu ofizialak hasiko dituzte. Taldera elkartu nahi duen edonork, edozein egunetan, arratsaldeko 18:30ean, pistara agertzea besterik ez du egin behar. Atzoko entrenamenduetara 6 gaztetxo berri azaldu ziren eta arduradunek gehiago agertzea espero dute. Eskolarrak, hau da, alebinak eta infantilak, astean 2 egunetan entrenatuko dute eta kadete eta jubenilak, berriz, 3 egunetan. Egunak aurrerago finkatuko dituzte.

Taldea sendotzen

Gaur egun, atletismo taldean alebinak, infantilak, jubenilak eta beterano batzuk aritzen dira. Denen artean, 30 bat izango dira. Monitoreak lau dira, eta lana ahal duten bezala banatzen dute. Horietako batek, Miguel Angel Garinek, Kronikari esan dionez, gustatuko litzaieke, hemendik urte batzuetara, talde sendo bat eraikitzea junior eta jubenil mailan, baina zail ikusten dute, jendeak ez baitu luzerako konpromezua hartu nahi.

Denboraldia azaro bukaeran hasiko da

Taldeko atletak lehiaketetan parte hartzen dute, azarotik aurrera. Azaroan kross eta pista estalian hasiko dira eta abendutik aurrera klub mailan lehiatzen hasiko dira. Aurreko urtean emaitza onak lortu zituzten, eta Gipuzkoa mailan tituloren bat ere lortu zuten eta Garinek dionez, horrek ere ematen du horrelako poztasuna.

Pistetako aldagelen irekiera

Irailean zehar atletismo pistetako aldagelak eta lokalak irekiko dituzte erabiltzaileentzat. Aldagelak pisten parean daude eta hilaren 8rako bilera informatibo batera deitu dituzte interesatuak. 19:00etan hasiko da. Iaz, kirol patronatuak kontrolatzen zituen lokal hauek, baina orain klubari eman dio eskumena. Orain arte, mundialeko beteranoek, eskolarrek eta klubekoek bakarrik erabili omen dituzte lokalak, eta hemendik aurrera pista erabiltzen duen edonork aldagelak ere erabili ahal izatea nahi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!