Futbitoa, musika, pailazoak eta gehiago larunbat honetan Zikuñagako jaietan

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 5a, 03:00

Goizeko 11:00etan hasi eta egun osorako dibertsioa izango da larunbatean haur eta helduentzako. Errapia arte tailerreko kideek bere lanak ikusgai jarriko dituzte Zikuzulon.

Irailaren 9rako jaiak antolatu dituzte Zikuñagan, bezperan bertako Amabirjinaren eguna dela eta. Bizilagun talde batek hartu du aurten jaiak antolatzeko ardura. Antolatzaileek Kronikari jakinarazi diotenez, 11 urte zeramazkiten helduentzako jai egitarau bat eskaini gabe, baina aurten animatu eta, futbito txapelketa, kontzertuak eta abar jarri dituzte. Azken urteetan haurrentzako jokoak izan dira protagonistak eta aurten ere, Auzo Elkarteak, ohi bezala, haurrentzako ekintza batzuk antolatuko ditu, hala nola, haur jokoak, buruhaundiak, pailazoak eta txokolatada.

Ekintzaz beteriko eguna

Irailak 9, larunbata, ekintzaz beteta dator Zikuñagan. ´Jendea eta konpromezua ezinbestekoak dira horrelako egitarau bat betetzeko eta nahiago izan dugu egun bat ondo betetzea, asteburu oso bat antolatzea baino` dio Patik, antolatzaileetako batek. Jaia goizeko 11:00etan hasiko da, haurrentzako jokoekin eta buruhaundiekin. Ondoren, eguerdiko 13:00etan auzotarrek beren tortila goxoak aurkeztuko dituzte tortila lehiaketan eta ondoren, sa-gardo dastaketa izango da, txalapartari eta bertsolari gazteek girotuta. 11 sagardo etxe izango dira postua jarriko dutenak: Itxas Buru, Otsua Enea, Altzueta, Mendizabal, Petritegi, Elorrabi, Iparragirre, Sarasola, Larre Gain, Bereziartua eta Artola. Arratsaldez, haurrak izango dute non ibilia. 15:30ean, globo gudan freskatzeko aukera ederra izango dute. 17:00etan pailazoek haur eta helduen barre eta algarak eragingo dituzte, eta 18:00etan, txokolatada izango da indarrak berritzeko. 18:45ean, futbito txapelketako finalak jokatuko dituzte. 4 taldek eman dute izena txapelketarako eta bezperan, hilak 8, erabakiko da zeintzuk jokatuko duten final haundia. 19:00etan hasiko dira final aurrekoak, txurien (Los lejias) eta berdeen arteko (Los Heineken) partiduarekin. 20:00etan urdinak (Los Movistar) eta gorriak (Los pimentones) ariko dira elkarren aurka. Finalaren ondoren, poteo bat egingo dute auzoan zehar, afari herrikoiaren aurretik. Afaria 21:00etan izango da, eskola zaharreko eremuan eta hau bukatzean, 23:30ak aldera, kontzertua hasiko da, The Solanos, Zizateh eta I.P.I taldeekin.

Zikuzulokoen lanak ikusgai

Errapia arte tailerreko kideek ere jaiarekin bat egin nahi izan dute eta beren lanak ikusgai jarriko dituzte tailerraren kanpoaldean. Horrekin batera, Anastasia Leundak, artilearekin egindako lanak eta ezkurrarekin landutako lepokoak aurkeztuko ditu. Errapiakoekin hitz egiterakoan, ez zekiten egun osoan zehar egongo diren, baina ziurtatu dute goizean, behintzat, bertan egongo direla.

Egitaraua

11:00: Haur jokoak eta buruhaundiak

13:00: Tortila lehiaketa eta sagardo dastaketa

15:30: Globo guda

17:00: Pailazoak

18:00: Txokolatada

18:45: Futbito finala

20:00: Auzoan zehar poteoa

21:00: Afari herrikoia

23:30: Kontzertua: The Solanos, Zizateh, I.P.I

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!