Tomate garaian gaude eta inguruko baratzetan pieza ederrak ikusi litezke egunotan. Marka guztiak haustekoak, ordea, Jose Lopezen baratzak ematen ditu, Alberro sagardotegi inguru horretan. Iaz azaldu genuen kilotik gorakoak bazituela eta aurten kilo eta erditik gorakoak ere izan ditu. Haundiena 1.630 gramokoa izan du eta kilo eta erdikoak bat baino gehiago. Sekretu haundirik ez dute tomate hauek Lopezen hitzetan, klasea horrelakoxea izatea. Urtero urtero gordetzen ditu haziak eta landarea atera; aldatzerakoan, zulo haundia egin, ondo simaurtu eta jartzen du landarea eta gero ondo sulfatatu eta zaindu.
Gabonak arte tomatea
Tomate erraldoi hauena beranduko klasea da, berandu ematen hasten dena eta eman ere berandu arte egiten duena. Eguraldiak lagundu izan duen urteetan, gabonak arte ere tomateak izan dituela esan dio Lopezek Kronikari, baina hori oso noizbehinka gertatzen da.