Askatasunaren bidea. Florentino Goikoetxea eta beste hernaniar batzuk nazismoaren aurkako borrokan II. Mundu Gerran liburua aurkeztuko dute datorren ostegunean Udaletxeko areto nagusian, arratsaldeko 19:00etan. Juan Carlos Jiménez de Aberasturi izan da liburuaren egilea eta bera izango da liburuaren nondik norakoak azalduko dituena. Berarekin batean Udal arduradunak eta Florentino Goikoetxea, Tomas Anabitarte, Martin Errazkin eta Juan Manuel Larburu mugalari hernaniarren senitartekoak izango dira aurkezpen ekitaldian eta Comete sareko adiskideen elkarteko kideren bat etortzea ere litekeena da.
Nazien tropetatik ihesi
Liburuak biltzen dituen hernaniar mugalariak, agintari eta armada aliatuekin lankidetzan ibili ziren, soldadu britainiarrak, ipar amerikarrak, kanadarrak eta abar liberatu eta muga igarotzen laguntzeko, nazien tropetatik ihesi.
Orain urtebete mugalari hauei omenaldia egin zitzaien, eta horren bueltan sortu zen liburua egiteko egitasmoa ere. Omenaldia bezalaxe, liburuaren aurkezpena Comete sareak Euskal Herrian egindako lanaren oroimen gisa egiten den mendi ibilaldia aprobetxatuz egingo da. Horrela, aliatu beteranoek eta iheserako sarearekin lankidetzan aritu zirenek liburu aurkezpeneko ekitaldian egoteko aukera izango dute, oroimen ekitaldi horretara etortzekoak baitira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!