Zeberiok bete du bere ametsa, baina latz borrokatuta

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 4a, 03:00

Urrutia gazteak hortzak erakutsi zizkion faboritoari, baina, gipuzkoarra fisikoki osoago iritsi zen partidu bukaerara.

Final ederra eta gogorra jokatu zuten atzo Galarretan Miguel Mari Urrutiak eta Patxi Zeberiok eta elduaindarrak jantzi zuen txapela, faborito irten zenak, 35-31 irabazita. Partidu hasiera izugarria egin zuen Urrutiak eta tantorik dotoreenak berak egin zituen ondo sakatu, dominatu eta tantoa lotsagabe bukatuta. Zeberiok, ordea, jakin zuen partiduari eusten eta ez zion utzi nafarrari markagailuan alde egiten.

Fisikoki gehiago
Zeberio osoago iritsi zen fisikoki partidu bukaerara eta indar hori baliatu zuen partiduari buelta emateko. 10-16 aurretik zela Urrutiak bi pasa egin zituen jarraian eta hortik aurrera konfiantza pixka bat galdu zuen sakean. Hori baliatuta Zeberiok aurrea hartzea lortu zuen, berak asko sakatu eta ondo erreboteatuta. Bi atal hauetan ibili izan da Zeberio pattalen buruz buru, baina atzo erakutsi zuen azken urteetan egindako hobekuntza. Partidua puskatu zitekeela zirudien Zeberiok 24-22 aurrea hartu zuenean, baina Saldiasko pelotari gaztea ez zen kikildu eta azken tantora arte eman zion gerra Patxi Zeberiori. Final honek txapeldunen urrezko zerrendan jarri du Zeberioren izena, eta etorkizun hurbileko izarren zerrendan Urrutiarena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!