Miguel Mari Urrutia saldiastarra da, 23 urte ditu, atzelaria. 2003an egin zuen debuta. Iaz estreinatu zen Casino Kursaal txapelketan. Faustino torneoa irabazi zuen 2004ean Zeberiorekin batera.
Urrutiak lau partidu irabazi ditu txapelketan, finalera iritsi aurretik. ´Gustora nago egin dudan txapelketarekin eta uste dut finalean egotea merezi dudala. Txapela lortzeko aukerak ditudala uste dut, nahiz eta zaila izango den`. Jokatzeko moduaz galdetzean, sakea jo du ezaugarri nagusitzat, ´printzipalena sakearekin asmatzea izango da. Badakit ondo errestatzen duela, baina ni saiatuko naiz hor mina egiten`. Horretarako pelota zuzen eta biziak aukeratu ditu, ´tokea daukatenak`. Atzelaria izanda, erreboteak ere garrantzi haundia
izango omen du, ´bera aurrelaria da eta, horregatik, ni pelota errebotean sartzen saiatuko naiz`.
Ligaxkan Zeberioren aurka jokatutako partidua gogoratzean, onartzen du ez zela bat ere erreza izan hura gainditzea: ´Asko sufritu nuen hasieran, baino 25garren tantotik aurrera, asmatzen hasi nintzen eta partiduari buelta ematea lortu nuen`.
Lehenengo finala dela eta, nerbioak izan zitzakeen, baina ez da bere kasua, ´Lizasoren aurka partidu polita egin nuen eta lasai noa finalera`. Hala ere, aipatu du ´etxe alderdian` buruari bueltak ematen dizkiola, eta finaleko eguna ailegatzeko gogoz agertu zen.
Ez dio garrantzirik ematen Zeberio II faborito atera izanari, ´berak izena eta esperientzia dauka eta ni nobatoa naiz oraindik`.
Azkenaldian, gazte asko joaten da Galarretara bera ikustera eta dioenez, oraingoan ere asko han izango dira, `afaria eta guzti antolatzen hasiak dira dagoeneko`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!