«Tantoa lehenbailehen bukatzen saiatuko naiz»

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 2a, 03:00

Patxi zeberio elduaindarra da, 32 urte ditu, aurrelaria. 1995ean egin zuen debuta. Binakako 5 txapel ditu (1998, 2001, 2003, 2004, 2005), eta 2002an Casino Kursaaleko azpitxapelduna izan zen. Zeberio IIa final aurrekorik jokatu gabe sartu da finalean, Ezkurraren lesioa dela eta. ´Pena eman dit Koteto kanpoan geratzeak, baina Urrutiaren kontra jokatu behar nuela jakin nuenetik, ez dut beste ezertan pentsatzen`. Finalera puntu egokian iristen dela aitortu du, ´entrenamendu gogor batzuk egin ditut azken egunotan eta ondo nago`. Ligaxkan jokatutako partiduan saldiastarrak irabazi ziola gogoratzean, zera dio: `Ez diot begiratzen partidu horri. Uste dut partidu txukunak egin ditudala. Partidu hartan bukaera txarra eman nion partiduari, beldurtu egin nintzen agian. Nik nire baloreei begiratzen diet, ordea, eta uste dut finala irabazteko posibilitateak baditudala`. Final aurrekoa jokatu ez duela eta, bi aste daramatza banakako partidurik jokatu gabe, eta finala iristeko gogoz dago, ´luzea egiten ari zait itxaronaldia, sekulako gogoa daukat partidua jokatzeko`. Aurrelaria izanda, erritmo bizia jarri eta tantoa lehenbailehen buka-tzen saiatuko dela dio Zeberiok. Aukeratutako pelotengatik galdetzean, ´zuzenak eta baxuak izatea` bilatu du, ´horiek aproposak dira aurrean jokatzeko, baina biziagoak direnekin ere min haundia egin daiteke aurreko koadroetan`. Apustuak bere alde egongo direla aipatuta, zera adierazi du: ´Fisikoki ondo egotea eta esperientzia izan daitezke apustuak nire alde egotearen arrazoiak, baino ni lasai nago eta ez diot horri begiratzen` Onartzen du Urrutiak edozein garai dezakeela, ´goi mailako erremontista baita`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!