CASINO kursaal txapelketa bukaerara iritsi da eta gaur jokatuko da finala. Galarretan, Urrutia eta Zeberio II neurtuko dituzte indarrak, txapela nork jantziko. Urrutia gazteak bere lehen finala du txapelketa horretan, eta Zeberio IIak bat jokatuta du, 2002koa, Ezkurraren aurka 35-27 galdu zuena. Final honek Urrutia saldiastarren freskotasuna eta Zeberio II elduindarraren esperientziaren arteko lehia islatuko du. Apustuak Zeberio IIaren alde aterako dira, 100, 60-70ren aurka, artekariek jakitera eman zutenez. Herenegun goizean egin zen material aukeraketan zenbaitzuk harrituta zeuden, ligaxkan Urrutia Zeberiori gailendu zitzaiola kontutan hartuta. Faborito izateak ez dio, hala ere, txapela elduaindarrari emango eta partidu borrokatua espero da.
Ligaxkan Urrutia irabazle
Abuztuaren 12an, ligaxkaren barruan jokatutako partiduan, Urrutia atera zen nagusi, 35-34. Zeberiok, partidu osoan aurretik joan ondoren, abantailari ihes egiten utzi zion partiduaren azken txanpan. Horrez gain, Urrutiak Altuna II, 35-28, Bitoria, 35-26, eta final aurrekoetan Lizaso, 35-30, garaitu ditu. Gipuzkoarrak, Urrutiaren aurka galtzeaz gain, Bitoriari irabazi zion, 35-23, eta ez du gehiago partidurik jokatu; Ezkurraren aurka final aurrekoetan jokatu beharrekoa, azken honen lesioagatik bertan behera geratu zelako.
Biek material berdintsua
Herenegun, goizeko 12:00etan egin zen material aukeraketa Galarretan. Jende gutxiren aurrean pelotak probatu eta aukeratu zituzten bi finalistek. Material berdintsua hartu zuten biek. Zeberio IIak 125 gramoko bat, 121eko beste bat eta 122 gramoko 2 bereizi zituen. Urrutiak 122 gramoko lau pelota eta 123 gramoko bat aukeratu zuen.