Errugbi taldea hasi da lanean, aurreko denboraldiko emaitzak hobetzeko asmoz

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 2a, 03:00

Hirugarren urtez, ohorezko B mailan jokatuko dute, estatuan dagoen bigarren liga indartsuenean. Aurten iazko 4garren postua berdindu edo gainditzea dute helburu.

HERNANIko senior errugbi taldeak jada hasi ditu entrenamenduak. Urriaren 15ean hasiko dute ohorezko B mailako denboraldia eta hilabete t’erdi hau Landaren, prestakuntzan, emango dute. Hasierako saioetan 35 bat jokalari ari dira, baina, egunak pasa ahala, jende gehiago espero dute. 50-55 jokalaritara iristea dute helburu, bi senior taldeak mantentzeko. Hernani errugbi taldeak, ohorezko mailakoaz gain, beste senior talde bat dauka Euskal Ligan. Talde horren helburua jubeniletatik datozen gazteak sendotzea eta goiko taldekoak lesioetatik errekuperatzea da. Bi talde hauek entrenatzen hiru lagun izango dira: Joxe Elosegi, Raul Redin eta Gurutz San Miguel.

Iazko talde berdintsua
Aurtengo taldea iazkoaren berdintsua izango da, nahiz eta aldaketa batzuk ikusi daitezkeen. Aurtengo denboraldirako hiru fitxaketa lotu dituzte. Argentinarra da bat eta Maxi Perez izena du. Hemen egiten du lan eta ez da berria Landaren, iaz senior taldearekin entrenatzen jardun baitzuen. Iraganean bere herrialdean errugbian aritutakoa da eta aurten fitxa egitea adostu dute. Baionako beste bi gazte ere etorri dira Landarera, Eneritz Zabaleta eta Ramuntxo Labat. Landaren hiru denboraldi daramazkin Thierry Lamaisonek gomendatuta etorri dira hauek. Nahiz eta hiru jokalari kanpotik ekarri, taldeko %90 inguru harrobikoa izango dela baieztatu dute. Jubeniletik 9 gazte ere igoko dira taldea sendotzera. Fitxaketak bezala, galerak ere izan dituzte. Horien artean, Iñaki Apezetxea eta Gurutz San Miguel daude. Bata, Portugalera joan da lanera eta bestea, berriz, jokalari izatetik entrenatzaile taldera pasa da. Beste bi jokalari zalantzan daude, eta arduradunek nahiago izan dute ez ezer esatea. Ez da harritzekoa taldeak bajak jasatea, denek lan edo ikasi egiten dute eta. Gutxi gora behera, jokalarien bi heren lanean ari da eta gainon-tzekoa ikasten. Azpimarratzekoa da jokalari hauen meritua, partiduak jokatzeko, ba-tzuetan, asteburu osoa kanpoan pasa behar izaten dutelako. Taldean inork ez du zentimorik kobratzen eta materiala eta fitxak norberak ordaindu behar ditu. Horrek, garaipenei balore bikoitza ematen die.

Liga gogorra
Ohorezko B mailan beste 7 talderekin lehiatuko dira, igoera faserako txartela ematen duten bi plazen bila. Faborito nagusi bezala Alcobendas, eta Gernika aipatzen dituzte. Alcobendas iaz jaitsitako taldea da eta Gernikak fitxaketa ugari egin omen ditu. Cornellá, Durango, Vigo, Valentzia eta Oviedo taldeek osatzen dute multzo hau. Liga urriaren 15ean hasiko dute, etxean, Valentziaren aurka eta 22an Vigora joango dira. Aurrez, probak egiteko, hiru lagun arteko partidu jokatuko dituzte irailean. Lehenengoa, Gasteizko Gaztediren aurka izango dute, hilaren 9an. Bigarrena, 16ean, Landaren iazko kopako txapelduna eta ligako azpitxapelduna den Valladolideko El Salvadorren aurka. Partidu hau, hilaren 14tik 17ra ospatuko den III. Garagardo Azokaren barruan programatu dute eta. Aurredenboraldia bukatzeko, 30ean, Getxoren aurka neurtuko dituzte indarrak, Landaren. Partiduren bat bertan behera geratuz gero, entrenamendu teknikoak programatzeko asmoa erakutsi du Joxe Elosegi entrenatzaileak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!