Tabakoaren legeak eragin txikia izan du Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 2a, 03:00

Herenegun bukatu zen epea 100 metro karratutik gorako tabernak lege berrira egokitzeko. Euskal Herriko Ostalaritza Federakundeak legearen aurkako idatzia aurkeztu du. Afektatuek diote legeak ez duela ia ezer aldatu.

urte hasierarekin batera tabakoaren inguruko lege berria ezarri zen, leku publiko, lantoki eta zenbait tabernetan erretzea debekatzeko asmoz. Lege horrek lantokietan eta leku publikoetan erretzea guztiz debekatzen du eta 100 metro karratu erabilgarriz azpiko tabernei aukeran jartzen die, erretzaileentzako edo ez erretzaileentzako taberna izendatzeko. Lege horrek 100 metro karratu erabilgarri baino gehiago dituzten tabernei eragiten die gehienbat, berrikuntza bat eskatzen duelako. Hauei bi aukera ematen zaizkie, taberna osoan erretzea debekatzea edo leku itxi bat egokitzea erretzaileentzat, tabernaren %30a gainditu ezin duena. 8 hilabeteko epea ezarri zuten berrikuntzak egiteko, eta herenegun, abuztuak 31, bukatu zen epea.

Tabernariak, nahastuta
Legea ezarri orduko, tabernari, erretzaile eta bestelako afektatuen hizpide bilakatu zen. Gehien entzuten zena zera zen: legearen aplikazioa eta zeinek betearazi behar zuen ez zegoela oso garbi. Udaltzaingotik jakitera eman dutenez, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak legea nola aplikatuko duten adieraztearen zain daude. Tabernarien nahasmenak bere horretan jarraitzen du eta legearen inguruan ezjakintasun haundia dagoela diote. Horren aurrean, afektatuek ez dute behatz bat bera ere mugitu. ´Gure tabernak 100 metro karratu gainditzen ditu, jangela sartuta. Jangela eta taberna ondo bereizita daude. Adituei galdetu eta beraiek ere ez omen dakite zer egin behar den. Guk lehen bezala jarraitzea erabaki dugu, hau da, erretzea baimenduta` dio herriko tabernari batek. Tabernari gehienek bat egiten dute lege hau ´aurreneko pausu` gisa definitzean. Askoren ustetan, urte batzuetan taberna guztietan egongo da debekatuta erretzea. ´Hori horrela izango da eta zertarako gastatu dirutza bat obra egiten, gero ez badu ezertarako balioko?` galdetzen du beste afektatu batek. ´Guk, hasieran, debekatu egin genuen erretzea, baino jendeak erretzen jarraitzen zuen eta erabaki dugu polizia lanetan ez ibiltzea. ` adierazi du.

Euskal Herriko Ostalaritza Federakundearen idatzia
Euskal Herriko Ostalaritza Federakundeak, legearekin konforme ez eta joan den astelehenean idatzi bat aurkeztu du horren aurka. Bertan, legearen zilegitasuna zalantzan jartzen dute eta eskatzen dute, berrikuntza eginez gero, 10 urtetan legea ez dezatela berritu. `Idatzia dela eta, kontua orain geldirik dago eta epearen bukaera indargabetuta geratzen da` dio 100 metro karratuz gorako taberna bateko langile batek, eta haratago doa: ´Azkenean, legea aurrera ateratzen bada eta ez erretzaileentzako gune bat jarri behar badugu ere, ez dut uste eskatzen dituzten baldintza guztiak beteko ditugunik. Bi guneen artean kartel batzuk jarri eta nahikoa`. Neurri hori ere aipatzen da lehen aipatutako idatzian (compartimentación por señalización). Eusko Jaurlaritzak azken adierazpenetan dio, ostalarien nahasmena ulertzen badu ere, berritzen ez diren tabernak ez erretzaileenak bezala izendatuko dituztela.

Legearen eraginak
Hernanin, legeak lantokietan eragin du gehien. Ohikoa da langileak lantokietako atean ikustea zigarroak erretzen. Biteri Kultur Etxean, adibidez, hautsontzi haundi bat jarri dute kanpoaldean erre nahi duenarentzako. Bestelako taberna eta jatetxetan, berriz, legeak ez du eraginik izan. Gehienak, guztiak ez esateagatik, erretzea baimen-tzen dute, bezeroak galtzeko beldur, eta 100 metro karratuz gorakoak ez dute aparteko neurririk hartu. Tabakoa ere berdintsu saltzen omen da. Tabernari batek, adin txikikoak tabakoa eros ez dezaten, barratik makina itzaltzea ahalbidetzen duen mandoa hartu du. Hori izan da aurkitu dugun neurririk bitxiena. Estankoetan, berriz, jaitsiera sumatu dutela adierazi dute, ´gasolindegi, liburudenda eta antzekoetan tabakoa saltzea debekatu dutelako`. Tabako merkatuaren azterketa batek dioenez (www.cmtabacos.es), urteko lehenengo 6 hilabetetan tabako kontsumoa % 7,2 a jaitsi da Gipuzkoan, estatu mailan jaitsi denaren bikoitza.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!