Prentsa oharrean udal gobernu taldeari luzatzen dieten lehen galdera hauxe da: ´Zenbatean aterako zaizkigu igerileku irekiak?`. Ondoren BH plataformak berak erantzuten du galdera: ´Hernaniarrek jakin behar dute, hasiera batean, 1.200.000 euro aurreikusi zirela proiektu honentzat, baina handik gutxira kopuru hori bikoiztu egin zela, 2.400.000 eurotara igota. Abuztuan 770.000 euro gehitu dira. Hortaz, 3.100.000 euro pasatxo kostatuko zaigu proiektu hau, 520 milioi pezeta. Hori lanak bukatu gabe daudela`. Bildu Hernanik dioenez, ´bide okerretik goaz`. Plataformak ´egitasmo elektoralista`tzat jotzen du proiektu hau eta uste du Rekondok ´medaila bat edo beste aurkeztu nahi duela udal hauteskundeen atarian`. ´Aurrekontuaren %33a gastatu da, oraingoz, eta hori desbideraketa salagarria iruditzen zaigu. Obra guztiak izan ditzakete ajuste batzuk, baina kasu honetan, edozein ikuspegitik begiratuta ere, gehiegizkoa da. Gastuen gehiketa hau aurreikuspen faltaren ondorioa edo proiektuaren gabezien ondorioa izan daiteke; edonola ere, kudeaketa txar baten eredua da`. Bildu Hernanik adierazten du igerilekuek ´ez dietela hernaniarren beharrei eran-tzuten. Gure proposamena urte osoan erabili ahal izateko igerilekuak ziren, jolasa eta kirola bateratuko zituztenak, eta estaliak izango zirenak. Orain, proiektu hankamotz honetan 500 milioi pezetatik gora gastatuko direnean,gure ikuspegia inoiz baino justifikatuagoa dago` nabarmendu du. Horrez gain, Bildu Hernanik galdera batzuk egiten ditu: ` Zenbatekoa izango da azpiegitura honen mantenua? Zenbatekoa uda osoko abonoa? Norbaitek ba al daki?` Bukatzeko, diote udal agintariek proiektu hau ´ilusionante` gisa definitu zutela eta gaineratzen dute: ´lanen martxa ikusita, norbaitentzat proiektu hau ilusionantea bada, batez ere konstruktorarentzat, Amenabar enpresarentzat da eta ez beste inorentzat`.