Atzo inauguratu zuten ur parke berria Mendi-Mendiyanen, eta ikusmin haundia sortu zuen inaugurazioak, herritar ugari bildu baitziren parke berria ikustera. Lau eremu desberdin izango ditu igerilekuak eta inguruan belardi haundia, jendea lasai egon dedin. Parkerako sarreran daude kotxeentzako aparkalekua eta aldagelak eta kafetegia hartuko dituen eraikina. Udal ordezkari ugari bildu zen inaugurazioan eta Foru Aldundiko arduranek ere hartu zuten parte ekitaldian. Udal arduradunak pozik azaldu ziren instalazio berriarekin eta Fernando Tapia Giza eta Instituzio Harremanetarako diputatuak ere zoriondu egin zituen, instalazio berriak gaur irekiko direla eta. Bestalde, irekiera baino lehen azaldu ziren zenbait herritar instalazioak ikusi gabe ere gelditu ziren, teknikariren bat nahastu eta ez sartzeko ordena eman zuelako. Azkenean 13:30etan ireki zizkioten ateak herritarrei.
Gaur, irekiera
Gaur hasita iraila guztian egongo da irekita ur parke berria, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara, eta eguraldiak laguntzen badu urrian ere egon liteke egun batzuetan irekita, udal arduradunek azaldu dutenaren arabera. Sarrera debalde izango dute aurtengo denboraldian Hernaniko kiroldegiko bazkide direnek eta Buruntzaldeko beste kiroldegietako bazkide direnek beherapenak izango dituzte bonoetan. Bestalde egun bakarreko sarrerak ere izango dira bonorik ateratzen ez dutenentzat.
Eremua zabaldu
Udal arduradunek Kronikari azaldu diotenaren arabera, hasieran pentsatu zena baino eremu zabalagoa du ur parke osoak, 30.300 metro koadro guztira, igerileku, belardi, aldagela, kafetegi eta beste. Jende gehiago hartzeko gaitasuna izango du horrela eta jendeak eguna pasa ahal izateko eremuak jarri dituzte. Aurrekontuan ere igoera izan dela azaldu dute. 3.158.000 euro kosta dira obrak: hauetatik 600.000 euro jarri ditu Foru Aldundiko Giza eta Instituzio Harremanetarako departamenduak, eta 2.558.000 euro jarri ditu Hernaniko Udalak.