Bazkideek gaurtik aurrera izango dute sagardo lehiaketarako izena emateko aukera

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 1a, 03:00

Txantxangorri elkarteko 22garren sagardo lehiaketa izango da irailaren 15ean, ostiralarekin. Txantxangorri izaten da herriko elkarteetan aurrenekoa lehiaketa egiten duena eta gogoz hartzen du jendeak. Elkarteak jakinarazi du gaur irekiko dela epea lehiaketan parte hartu nahi duten bazkideentzat. Epea irailaren 6ra arte izango da. Hortik aurrera, gainerantzekoek eman ahal izango dute izena. Izena emateko elkarteko bulegora joan behar da eta izena emateko garaian ordaindu behar da.

Sagardotegiko menua
Sagardo lehiaketarako menu bikaina prestatu dute: bakailua bizkaitar erara eta saltsa berdean, bertako saiheskia, Urbasako gazta, kafea, kopa eta puroa. Dena 24 euroren truke. Edateko, noski, sagardoa izango da. Urtero bezala, afarira joaten direnek parte hartuko duten sagardotegietako sagardo guztiak probatu beharko dituzte, bakoitzari dagokion puntuazioa emateko: 5etik 10era. Ohartarazi dute txapelketa hasita dagoela joaten direnek ezingo dutela parte hartu lehiaketan, beraz garaiz iritsi beharra dago, 20:00etarako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!