Ur parkea gaur inauguratuko dute eta bihartik aurrera erabili ahal izango da

Kronika - Erredakzioa 2006ko ira. 1a, 03:00

Gaur inauguratu eta bihar irekiko dute Mendi Mendiyaneko Ur parkea, hilabeteetako obraren ondoren. Irailean zehar irekita egongo da, eta agian urriko egunen batzutan ere bai, eguraldiak laguntzen badu. Inaugurazioa 13:30etan izango da eta herritarrek ikusteko aukera izango dute minutu batzuetan. Ireki, ordea, bihar irekiko dituzte ateak, gaur azken orduko ukitu txikiren bat egin behar baitiete instalazioei. Ur parkea egunero irekiko dute, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara eta bertara sarrera Antziola-Latsunbe bide berritik egin diote.

1.000 metro igerileku
Ur parke berriak forma irregularreko 1.000 metro koadroko igerilekua du. Gehien kubritzen duen lekuan 1,5 metro ditu eta gutxienean 10 zentimetro. Lau gune bereizten dira bertan: batean toboganak eta ur jolasak daude; bestea deskantsurako da, jakuzzi eta hidro masajearekin; plisti-plastarako gunea ere bada; eta haurrentzako gune bat ere bai jostailu eta guztikoa.

Bi hektarea eta erdi
25.000 metro koadro da igerilekuaren ingurunea eta bertan belardia, kafetegia, aldagelak eta aparkamentua daude. Udaletik jakitera eman dutenez, 2.000 lagunetik gora hartzeko dago prestatua gune berria, eta Hernaniko jendeaz gain, Buruntzaldeko biztanle guztiei zerbitzua emateko helburua dute. Modu honetako ur parke gehiago ere badira Gipuzkoan, baina bihartik aurrera haundiena Mendi-mendiyanekoa izango da, Udal arduradunen hitzetan. Obrak Amenabar konstruktorak egin ditu eta kostua 2.384.000 eurotakoa izan da. Diputazioak jarri ditu 600.000 euro eta gainerakoa Udalak jarriko du.

 

Denboraldiko bonoen prezioak
Hernaniko kiroldegiko bazkideek, aurtengo denboraldian dohainik.
Buruntzaldeko beste kiroldegiren bateko bazkideek:
 Familientzat 25 euro denboraldiko abonua.
 18 urtetik gorakoentzat 16,50 euro denboraldiko abonua.
 18 urtetik beherakoentzat 10,50 euro denboraldiko abonua.
Gainontzekoek:
 Familientzat 40 euro denboraldiko abonua.
 18 urtetik gorakoentzat 26,50 euro denboraldiko abonua.
 18 urtetik beherakoentzat 16,50 euro denboraldiko abonua

Egun bakarreko sarreren prezioak
18 urtetik gorakoentzat 6 euro eguna; 18 urtetik beherakoentzat 4 euro eguna; eta 3 urtetik beherakoentzat 2 euro eguna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!