Bola ikastaroak etzi hasita larunbatero, ikasi nahi duen guztiarentzat

Kronika - Erredakzioa 2006ko abu. 31a, 03:00

Berez gazte eta gaztetxoei bolan erakusteko antolatu dute ikastaroa, baina nahi duen guztiarentzat daude zabalik ateak. Lehen ikastaroa etzi izango da, goizeko 11:00etatik aurrera, Goiz Eguzkiko bolatokian.

Bola ikastaroa ematen hasiko dira larunbatean Goiz Eguzkiko bolatokian Hernaniko bi bolari, Miguel Burugain eta Miguel Arrospide. Nahi duen guztiari erakutsiko diote bola botatzen Kronikari esan diotenez, nahiz eta neska-mutilei erakusteko asmoarekin hasiko dituzten ikastaroak. Burugainek Kronikari esan dionez, bolak jarraipena izateko erakutsi nahi diote bola jokoan gazteei, gaur eguneko bolari gehienak adin batetik gorakoak baitira. Urte asko eta askoan Euskal Herrian jokatu izan den kirola da bola eta eskola bat edo beste oraintxe ari dira sortzen, Seguran edo Herreran adibidez. Hernanin larunbat goizeko 11:00etatik aurrera azaldu behar dute animatzen direnek.

Gurpila ematea
Bolako emaitzak askotan atera izan ditugu Kronikan, baina joko honen barrunbeak ezagutzen ez dituen jende asko da. Miguel Burugain eta Ibon Minerrek azaldu dizkiote Kronikari. Bolari gurpila ematen ikasi behar da lehendabizi, hori ezinbestekoa da. Bolatoki hasieran egurrezko ohola bat dago eta bola oholean aurrera bota behar da briletarako bidea egin dezan. Bidean, ordea, txaparroa edo amona deitzen zaion brila txiki bat dago eta brila hori ezin da bota edo ezker aldetik pasa. Bolak eskubi aldera egin behar du beraz eta eskubi aldera joateko, gurpila eman behar zaio eskumuturrarekin, alegia, bolak eskutik irten behar du heltzeko zuloak ezkerrera begira dituela. Begiratu hutsera erraza ematen du, baina ezer ez dakienaren joera da kontrakurpila ematea, alegia, heldu lekua eskubira ateratzea (horrela dijoan bola amonaren azpitik pasako da ia beti). Praktika behar da gurpila ondo ematen ikasteko. Hori da lehen pausoa eta neska-mutilei lehen egun hauetan erakusten saiatuko direna; horren ondoren etorriko dira beste pausoak: oholean zuzen, goitik edo behetik atera; bola oholean atzean edo aurrean jarri...

Sei jokoa, ona
Bederatzi brila izaten dira, hiru ileretan jarrita: esku ilera, erdi ilera eta atzeko ilera. Eskubikoa da esku ilera eta ondo botatako bolak eskubi eskubitik sartu behar luke briletara eta esku ilerako brilak jo lehendabizi. Brila guztiek dute jartzeko puntua, baina esku ilerako bi lehenengo brilak mogitu litezke ezker eskubi pixka bat. Bolari bakoitzari berak nahi duen lagunak jartzen dizkio lehen bi brila hauek, garrantzia haundia baitute, ondo botatako bolak bi brila hauek jotzen baititu lehendabizi eta gainerako brilak arrastrean eroriko baitira. Miner eta Burugainen hitzetan, tiraldi on bat da 6 brila botatzea; bostekoa kaxkar xamarra; zazpikoa oso ona; zortzikoa ia milagroa; eta bederatzikoa milagroa. Burugainek 50 urtetik gora daramazki bolan eta ez omen du inoiz ikusi bederatzi brilak botatzen. Minerrek urte gutxiago daramazki, baina 2 aldiz ikusia da: Claudio Esnaola difuntoa Sorgintxuloko bolatokian eta Joxe Mari Etxebeste Ereñotzun.

Bola, arte egurrezkoa
Reglamentuzko bolak 7 kilo behar ditu gutxienez, baina normalean 9 kilo izaten ditu. Diametroa berriz 25 zentimetro ingurukoa izaten du. Txapelketa ofizialetakoak arte egurrezkoak izaten dira, material hezearekin eginak eta ez artezitu edo pitzatzeko uretan kontserbatzen dira. Txapelketa ez ofizialetan plastikozko bolak ere erabiltzen dira. Gaur egun oso zaila da arte egurrezko bolak lortzea eta arte zaharrak non erori diren begira ere ibiltzen dira bolariak. Bola batek txapelketako bi egun irauten ditu eta ondorenean entrenamentu edo antzekoetarako erabili liteke bakarrik. Borobildu Laudioko tornu batean egiten dituzte eta esku zuloak Antonio Goenagak egiten ditu eskuz. Gaztetxoei erakusteko 3 kilo eta 7 kiloko bolak lortu ditu Burugainek, errazago mogitzeko. Bestalde, brilak nahi den materilezkoak egin litezke, baina plastikozkoak edo Gineako elondo egurrez eginak izaten dira normalean eta akazizkoak ere bai leku batzutan. Amona edo txaparroa nahi den bezalakoa egin liteke. Ohola, berriz, elondokoa izan ohi da normalean eta bi edo hiru urtean behin zepilatu egin behar izaten omen da.

Lehen bolatoki asko
Gaur egun 20 bat bolari dira Hernanin txapelketa ofizialetan ibiltzen direnak eta hiru bolatoki dira gehien erabiltzen direnak: Ereñotzukoa, Benta Berrikoa eta Goiz Eguzkikoa. Garai batean askoz gehiago ziren Burugainek azaldu digunez, gehienak taberna edo sagardotegiren baten inguruan. Orduan ohitura haundia zen tragoa bolan jokatzeko eta jende asko biltzen omen zen. Orain, badirudi susperraldia etorri litekeela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!