Zer aurkitu dezakegu ‘Aparkalekuko felizidadia’ liburuan?
Poemekin eta irudiekin osatutako liburuxka da. Poemak laburrak eta era librean idatzitakoak, neurri eta doinu librean. Batzuk eginberriak dira, zaharrenak gehienez ere duela bi urtekoak dira. Neukan material guztiaren artean aukeraketa bat egin nuen eta 31 olerki aukeratu ditut.
Eta olerkien gaiari erreparatuz gero, zer aurkitu dezakegu?
Gure gizarteari, mendebaldeko gizartea deitzen zaion horri, egindako kritika da. Uste dut bizitzaz disfrutatzeko askatasun falta izugarria dagoela gure gizartean, nahiz eta horrela ez dela sinistarazi nahi diguten. Guzti honen erdian gure mendekua, kaka artean, ederrak izatea da. Azken finean idatzi dudana nere barrenak hustutzeko saio bat izan da.
Nahiko tono ezkorrean idatzita dagoela esan daiteke, ezta?
Sarrera hotza eta ziniko xamarra da, pesimista ere bai. Bukaera aldera aukera bat ematen diot gure munduari. Umore pixka bat sartzen saiatu naiz, umorea baita fabrika ilun honetatik ateratzeko tximinia ia bakarra.
Eta izenburuarekin zer eman nahi duzu aditzera?
Liburuak bi izenburu ditu, Aparkalekuko felizidadia da azalean agertzen dena, gure hirietako paisajeak ikusi besterik ez dago. Bigarren izenburua Euskal garajea da, azalaren atzekaldean agertzen dena. Azken finean, uste dut gu aparkalekuetan bizi garela: etxeak, eskolak, haurtzaindegiak, psikoterapiak, eta abar, gure aparkalekuak dira.
Liburuxka zure kabuz argitaratu duzu...
Paperzaleak Kultur Elkartearen bidez argitaratu dut. Paperzaleak elkarteak Ostiela aldizkaria ateratzen zuen, baina dagoeneko ez du ateratzen. Bilera bat egin genuen eta adostu genuen geneuzkan baliabideekin formatu xumeagoan 4 liburuxka aterako genituela. Aurrenekoa atera zen, kaleko pintadekin eta testuekin osatuta. Orain olerki liburuxka hau atera dugu, nik osatutako testu eta irudiekin. Beste bi aleak martxan daude. Guzti hau posible izan da Paperzaleak Kultur Elkarteko bazkideei esker. Guk gauza merkeak egin nahi ditugu, ez daukagu gehiagorako aukerarik ere, baina horrela egin nahi dugu. Jendeari ere horrelako gauza merkeak produzitzeko eta elkartrukatzeko deia egingo nioke, haundikeria guztien azpitik eta etsipenaren gainetik.
Nola eskuratu daiteke liburuxka?
Liburuxka hau eta atera den aurrekoa Kitto tabernan eskuratu daitezke. Horrez gain, Lete liburudendan ere erosi daitezke. 2 eurotan daude salgai. Bestetik, Ostielako bazkide direnek korreoz jasoko dute.
Liburu honen aurkezpena egitekoa duzu Karboneran gaur.
Olerki, irudi eta zuzeneko musikaren arteko elkarrizketa izango da. Emanaldia Karboneran izango da, Karkaban dagoen etxe okupatuko bajeran. Gaueko 21:30etan.
Urteetan atzera eginda olerki liburu gehiago ere idatzi dituzula ikusi dugu... 1983an, Eta zergatik ez? ...Sigrid olerki eta marrazki liburuan hainbat poema argitaratu nituen, Eneko Olasagasti eta Maripi Solbesen olerkiekin batera. Ramon Agirrek jarri zituen marrazkiak. Liburua Susa argitaletxeak atera zuen aurrenekoetarikoa izan zen. Hiru idazleek Arresebeitia saria irabazi genuen eta hori dela eta argitaratu genuen liburua. 1985ean, Ez Sinkronia poema argitaratu nuen Susa argitaletxearekin. Liburua bakarka idatzi nuen. Liburuez aparte, hainbat kolaborazio ere egin ditut aldizkari ezberdinetan.