Etiopiako umezurtzentzat dirua biltzeko elkartasun bazkaria irailaren 17an egingo da Atsegindegin

Kronika - Erredakzioa 2006ko abu. 30a, 03:00

Angel Olaran misiolari hernaniarra Etiopian egiten ari den lanari laguntzeko antolatu dute elkartasun bazkaria, aurten bigarren urtez. Txartelak salgai daude 20 eurotan.

Angel Olaran misiolari hernaniarrak urteak daramazki Etiopiako Wulkro herrian umezurtzei laguntzeko lanean eta Hernanin bada elkartasun talde bat dirua biltzeko lanean ari dena. Iaz antolatu zuten lehenengo elkartasun bazkaria eta aurten izango da bigarrena. Hasiera batean ekainean egitekoa zen bazkaria, baina Angel Olaran bera Hernanin izango dela aprobetxatuta, irailaren 17ra pasa dute. Txartelak irailaren 14ra arte jarri dituzte salgai, baina antolatzaileek lehenbailehen erosteko dei egin dute, antolamendua errazte aldera. Bazkari txartelak 20 euroan daude salgai Biterin, Goiz Eguzkin, Kixkalen, Aralarren, Galerias Buen Precion (plazan), Iruretagoienan eta Mikel Lujanbiok ere salduko ditu Kale Nagusian. Diru horretatik parte bat bazkaria ordaintzeko izango da eta bestea Wulkroko umezurtzei laguntzeko erabiliko dute. Bazkarira joan ezin dutenek ere izango dute laguntzeko aukera, 3 eurotan tiketak salgai baitaude laguntza eman nahi duenarentzat eta aurten kamisetak ere atera dituzte eta salgai daude 10 eurotan. Lehen aipatutako tokiez gain, ostegunetako ferian ere salduko dituzte bazkari txartelak, laguntza txartelak eta kamisetak. Elkartasun kilometroa Irailaren 17an ez da bazkaria bakarrik izango, Wulkroko umezurtzen alde dirua ateratzeko. Aurten elkartasun kilometroa ere egitekoa dute Antziolako atletismo pistan: jendeak bueltak emango ditu bertan eta buelta bakoitzeko 50 zentimo sartuko dituzte kristalezko ontzi batean. Asmoa da ontzia txanponez betetzea. Elkartasun kilometroa goizeko 10:00etatik 12:00etara izango da eta bazkaria eguerdiko 14:00etan hasiko da. Boluntario taldea Angel Olaran bertan zela prentsaurrekoa eman zuen atzo Hernaniko boluntario taldeak, eta ekintza guzti hauek azaldu zituzten. Jarraian Olaranek berak hartu zuen hitza eta ´Hernaniko jendeak egiten duen esfortzua` eskertu zuen. Bere hitzetan lortzen den diruak adina balio du sortzen den kontzientzia sozialak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!