Josu Oiaga Vendimia txapelketako finalaurrekoetara sailkatu da Fuertes lagun duela, sailkapen faseko azken bi partiduak irabazita. Lehen partidua galdu egin zuten berak eta Fuertesek Zurdo Baños eta Arroyo IIren kontra 22-19, baina, hurrengo bietan 22-8 irabazi zieten Minguez-Nicolas eta Iriarte Gabarri IIri. Beren taldean bigarren postuan sailkatu dira Oiaga eta Fuertes eta beste taldeko lehenengoen aurka jokatu beharko dute irailaren 8an, baina, oraindik erabakitzeko dago zein diren beste taldeko aurren-bigarrenak.
Iñaki Esnal finalaurrekoetatik kanpo
Txapelketa jokatzen ari zen beste hernaniarra, Iñaki Esnal, finalaurrekoetatik kanpora gelditu da Aldazabal IVarekin. Hiru partiduetatik lehenengoa irabazi egin zuten hauek 22-16, Capellan II-Pradoren aurka, baina, hurrengo biak galdu 22-20 eta 22-12 Urionaguena-Jaio eta Zabala-Velascoren aurka.
Gorrotxategi txapeletik gertu
Igandean, Antiguoko torneoko finalak jokatu ziren eta 22 urtez azpikoetan txapela laztandu zuen Aitor Gorrotxategi hernaniarrak, baina, buruan hartzeko tanto bat falta izan zitzaien berari eta Beobide azpeitiarrari. Hernaniarrak partidu ona egin zuen oso, asko jo eta gutxi galduta. 11-16 atzetik joan arren 21-19 aurreratu ziren biak, baina Amantegi bizkaitarraren hiru erremate dotorek erabaki zuten finala 22-21 Lopez eta Amantegiren alde.